Europako Blues agertokian erreferente diren bi artista

7 abuztua, 2019

Europara
arrakasta bila ausaz iristen diren eta kontinente zaharrean barrena
antolatutako zirkuitu eta jaialdi askotan taularatzen diren Blues musikari
iparramerikar ugari horietako bat lirudike Will
Jacobs
ek. Soilik Chicagotik etorrita lana egina dagoela pentsa genezake.
Musikari beltz adintsua irudikatuko genuke, hamarnaka urtetako ibilbidearekin,
Europak gisa honetako Blues musikariei beti eskaintzen dizkien aukerak
baliatuko lituzkeena. Guztiz oker geundeke; izan ere, ahoa bete hortz gelditzen
gara Berlinen bizi den blues musikari iparramerikar horrek 26 urte dituela
jakiten dugunean, 12 urte bete zituenez geroztik ari dela mundu honetan
murgilduta, zuria dela, musika tresna ugari jotzen dituela eta, hori guztia
gutxi balitz, Marcos Coll artista
handiarekin batu dela esaten digutenean. Los
Rejes del KO
talde mitikoaren sortzaile da Marcos Coll, ezin konta ahala
proiektutan izan da kolaboratzaile, beti jakin izan du lehen mailako artistez
inguratuta lan egiten, dela hasieran Tonky Peñarekin, dela Stefano Ronchi gitarrista eta abeslariarekin egindako azken
lanetan. Azken batean, urteen joanean nazioarte mailan aho-soinulari eta
musikari erregaitz eta erreferente bihurtutako Marcos Collekin bildu da Will
Jacobs.

 

 Lan honetan inoiz ere ez da alboratzen generoaren
ortodoxia, baina hein handi batean dago Jacobsen ahotsaren tinbreak eta
koloreak eraginda, Soul eta Funk
ukitu garbiekin, hain zuzen ere hasieratik Clarence Carterren “It ain’t
safe” gaiaren bertsioarekin, “Going to Berlin” gaian shuffle ortodoxoenera egiteko,
“What u doing” gaian tarteko bidean ibiltzeko eta “C. J. Bounce
to C. J. Chenier” gai instrumentalean funk
Blues
moldera itzultzeko, denak Jacobsek sinatuak. Jarraian diskoaren beste
bertsioarekin ematen diote segida lanari, “Stranded”, shuffle
moldean, eta hor ezin argiago nabari da Collen iaiotasuna bere aho-soinuarekin.  “Hey
baby” gaiak hirurogeigarren urteetako Chicagoko blues elektrikora
garamatza, Junior Wells eta Buddy Guy bikote onena dakarkigute gogora. Bi
interpretariek sinatuta, “BluesCazorla Booguie” gai instrumentalak
agerian uzten du bi musikari hauen arteko lotura estua. Lan honetan zehar
askotarikoak dira eraginak; “One too Many Times” gaia Carey Bell
berak idatzia eta Robert Crayk abestua izan zitekeen, eta ezin hobe
laburbiltzen du itxuraz Blues elektriko tradizionalenaren bideetan dabilen
baina egiazki jatorri eta eragin ezberdinak dituzten arren disko bikain bat
osatzeko helburu bera duten bi musikariren ikuspegi bakarra eskaintzen digun
lanaren filosofia, eta helburu horri eutsita ematen diote amaiera diskoari
“Going to Berlin” gaiaren zuzeneko bertsioarekin, Will Jacobsen
ahotsarekin eta gitarrarekin eta Marcos Collen aho-soinuarekin, besterik gabe.  

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com