Euskal eszenako outsider bat

3 apirila, 2020

 Aurreko diskoetatik zazpi kantu berreskuratu ditu Arzuaga: “Paris”,
“Edurretan” eta “Jota” Argi izpi bat
diskotik (2002) hartu ditu; “Suge ilunak” eta “Gorbeia”, Smog (2004) diskotik; “Ilargi gorria” Unibertsoa gu diskoan agertu zen (2008); eta Luis Vilekin ondutako Mara mara diskotik (2011), “Nire aberria”
erreskatatu du. Alde horretatik, Arzuagaren ibilbidearen zati bat laburbiltzen
duen bilduma gisa uler daiteke Menditik
jaitsi ginen
baina disko berri baten entitatea eta pisua du aldi berean. Izan
ere, kasu gehienetan jatorrizko interpretazioa gainditzen du bertsio berriak,
urteekin Arzuagak musikari eta abeslari gisa izan duen garapenaren seinale. Heldutasun
artistikoaren  froga ditugu hiru konposizio
berriak ere: “Arin arin”, piano hutsezko “Amaiera” eta Arzuagaren alderdirik
heterodoxoena erakusten digun “Mehatzariena”.

Diskoaren izenburuak eta azalak iradokitzen dutenez, herri musika tradizionalaren
melodiak eta erritmoak hizkuntza musikal urbano batera eraman ditu Arzuagak.
“Arin arin”, “Mehatzariena” edota “Jota” bezalako konposizioetan antzeman
daiteke bereziki musika herrikoiarekiko gertutasun hori. Beste batzuetan,
abestien pop izaerari eusten dio jantzi akustiko baten barruan (“Suge ilunak”),
baina gehienetan Arzuagaren konposizioetako unibertso musikal besterezina
gailentzen da (“Edurretan”, “Nire aberria”, “Paris”, “Gorbeia”).

Igor Arzuagak 90eko hamarkadan eman zituen lehen urratsak musikari gisa.
Exkixu taldeko kidea izan zen eta Mikel Urdangarinen lehen diskoetan parte
hartu zuen. Mende honen hasieran bakarkako ibilbideari ekin zion, eta orain
arte bederatzi disko argitaratu ditu, bere izenpean edota Mara ezizena erabiliz.
Halaber, disko bat kaleratu du Larrepetit taldearekin. Euskal
musika eszenan aurki daitezkeen sortzaile bakan horietako bat da.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com