Ez dago rock-and-rollik jarrerarik gabe.

31 abendua, 2020

Makur,
bronkazale, hezikaitz, ukatzaile… Izenlagun asko erabil genitzake
rock-and-rolla musika hutsetik haratago definitzeko. Baina, zalantzarik gabe,
bizitankera oso bat zer den adierazten duen hitzik baldin badago, jarrera
izango litzateke hitza. Jarrerarik ez, rock-and-rollik ez. Askorentzat horixe
izan da XX. mendeko musika-seinalerik gorena eta ondorengo musika joera
ugariren gidaria, hainbat belaunaldiren soinu-banda.

 Bordelen bizi diren hiru musikari frantsesek
osatzen dute King Kong Blues taldea.
Blues musikan sartu aurreko ibilbide oparoak dituzte hirurek. Alex
abeslari eta gitarristak luzaz aritu zen punk-rock eszenan eta, bestalde,
euskal rockaren eragin nabarmena zuen eta okzitanierazko zein euskarazko
abestiak batzen zituen Cararaks taldeko kidea izan zen. Gilou bateriajolea Orange
Macadam rock-and-roll taldeko kidea izan zen beste gitarrajolearekin,
Ginorekin. Parfum de Femmes bezalako taldeetan trebatu zen Gino, eta Lords of the
New Church edo Johnny Thundersen ondoan jo izan du.

 Ibilbide aberats hauek egungo King Kong Blues
proiektu hau eman zuten ondorioz. Azken bost urteotan zuzeneko emanaldietan
Europako proposamenik indartsuenetako bat izateaz gain, musikaren suspertzaile
argia ere bada taldea: ez du artifiziorik edo epelkeriarik maite, mezu zuzenak
eta konprometituak bidaltzen dizkigu. Teknikaren gainetik dauka espiritua.
 2015ean izen bereko EPa argitaratu
zuten, eta 2017an Martin Guevarak (Capsula) Bilboko Silver Recordings
estudioetan ekoiztutako Make Rock and Roll great again lehen albuma.
Geroztik Martin Guevararekin izandako esperientzia errepikatu dute, aurreko
lanetan erakutsitako soinu eta koherentzia bereko abesti-bilduma berria
ekartzeko, Bam Bam.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com