The Lucilles: ez dira sugarrak itzali

17 uztaila, 2018

Ez dago dena galduta, denborak luze jo arren ez dira
sugarrak itzali, inoiz baino itzaltsuagoak dira Sam, Aretha eta Otisen itzalak.
Soula berpiztu egin da azken honetan Atlantikoaren alde bietako artista askok
eta askok erabaki dutelako Motown, Stax, Kent eta Northern Soul bezalako
zigiluek aspaldi utzitako arrastoei jarraitzea. Artista horiek, bestalde,
maisutasun handiz jakin dute Ipar Amerikako musikaren genero hori iragazten eta
eguneratzen. Northern Exposure da adierazitakoaren eta soul musikak azken honetan
bizi duen osasun egoera onaren erakusgarri bikaina.

Ehunka kontzertu eskaini eta 2013. urtean lehen lana –Sweet Soul Music Vol. 1
argitaratu eta gero, Madrilen egokitutako banda honek, Lucille Hurt eta Aldo
Cavaleiro buru dituen talde honek, merezi duen lekua lortu du generoko banden
artean. The Lucilles taldeak Northern Exposure lana aurkezten
digu, bikoteak urte hauetan zehar egindako musika bidaian zehar bildutako
jakituriaren eta eskarmentuaren uzta eta oparia.

Argitara emandako bigarren lan hau musika beltzaren onenean
oinarritzen den edozein banda on baten berezko bilakaeraren emaitza da, lan
heldua da, berezko jakituriaz, nortasunaz eta izaeraz ondua bera.

Jatorrizkoak dira abestiak, letrak oso zainduta daude,
eta ez dute soilik rythm and bluesetik edaten; izan ere, Hurt-Cavaleiro bikoteak ondutako eta  “Rock Palace Studio” estudioetan
grabatutako hamahiru gairen bidez, musika lurralde desberdinetara eramaten
gaituzte, hirurogeigarren eta hirurogeita hamargarren urte hasierako denbora
tartera, “Soulless Town” bezalako soul zapore gordinenetara, betiere
“Set me free” pop, New Orleanseko “I´m in love with a man”,
“Requiem for a love” kutsu latino, “The sharpest knife”
balada eta “River Jordan” bezalako Skaren oroitzapenak alde batera
utzi gabe. Eta diskoko harribitxietako bat ahantzi gabe, bandak omenaldia
egiten baitio generoko beste ikono bati, tamalez betirako utzi gintuen Amy
Winehouseri.

Hori guzti hori Lucilleren
ahots indartsua
rekin interpretaturik, betiere talde sendoa duela lagun: Aldo Cavaleiro (baxua), Ritchie “the man” (gitarrak), Marcos Ortega (tronpeta), Diego Jiménez (saxo baritonoa), Guillaume Guinot (saxo tenorra), Bobby Lawrence (tronboia), Henar Rodriguez (teklatuak), Vanja Polacek (bateria), Alba Sánchez (koruak), Itxaso Satrústegui (koruak). Horiek guztiak
dira, hain zuzen ere, eragin bikainen egiazko katalogo hau portu egokira
eramaten jakin dutenak.

 

Denak galdua zirudienean, sugarrak ez dira itzali.
Northern Exposure da horren erakusgarri. Hirira
itzuli dira The Lucilles.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com