Funk, hip-hop eta gehiago

20 uztaila, 2013

“Jazz, funk, hip-hop eta munduko musiken bat egite iraultzailea” da talde alemaniar honen estiloa. Bederatzi lagunek osatzen dute Beat ‘n Blow,  dantza egiteko musika akustikoa egiten dute, ahots, haize-instrumentu eta perkusioak lagundurik. Abeslari bat, bi bateria, bi tronpeta, tuba eta tronboi bana eta bi saxofoi biltzen dituen talde honek parerik ez duen hotsa sortzen du, indartsua, eta haren zuzeneko emanaldiek erabat aztoratzen dituzte ikus-entzuleak.

1994an sortu zuten taldea, jatorrian musika kalean egiteko taldea. Bi Volkswagenbus zaharretan Italia igaro zuten iparralde hegoalde, eta orduz geroztik bide geldi ezina egin dute. 1996an aurreneko albuma kaleratu zuten, ‘Modern Brass‘, eta 2003an  ‘Time’, Kati La Voix abeslariaren ahots aparta lagun; Kati taldeko kide bihurtuko zen hurrengo diskoetan eta zuzeneko emanaldietan.

Aurreramendu geldi ezin horretan “Sound of blasmusik” gisa erregistratzen dute beren musika, taldearen hotsaren erakusgarri, eta oihartzun handia izan dute Alemania eta Europako beste hainbat herrialdetako irratietan.

Urteen joanean estimu handiko talde bihurtu zen Europako agertokietan, jaialdi eta emanaldi askotan parte hartu zuen, tartean, Erroma, Atenas, Dublin, Breda / Herbehereak, Eindhoven, Luxemburg, Brusela, Durham / Britainia Handia eta Alemania osoan.

Beat ‘n Blow taldeko bederatzi musikariek, Katie La Voix abeslari karismadunarekin, funk eta soularen nahasketa eztandagarria egiten dute, mariachi, New Orleans, Karibe eta beste hots balkaniar batzuk tartekatuz, eta dub apur batekin onduz. Azken diskoan Alemaniako bihotzetik erakusten digute zuzeneko estilo azkar hauen amalgama ezin biziagoa.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com