GAUR – Musika bizia

4 urtarrila, 2022

 

Kantu herrikoiak, jazz inprobisazioa, musika koloretsua, usadioa,
abangoardia… beste ezer baino, musika, bere ingurunearekin eta bere iragan eta
etorkizunarekin etengabeko harremanean 
diharduen izaki bizidun bat da. Halakoxea da Noa Lur abeslariaren grabaketa guzien izaera, eta agian, inoiz
baino gehiago luxuzko talde baten laguntzaz aurkeztu berri duen GAUR disko honetan. Makina bat sari eta
goraipamen jaso (Estoniako “Nomme Jazz” Nazioarteko Festibalean Europako ahots
onenen artean kokatua,”Troublemaker” diskoari BBK Jazz muestrako bikaintasun
saria…), Bobby McFerrin edo Macy Gray moduko artista handien kontzertuetan
haserako kantari eta erregistro zabal eta aberatseko ahots zoragarri baten jabe
izan arren, Noak bere oinak lurrean sendo mantentzen ditu. Bai bere jaioterri
eta sustrai den Bilboko lurrean baita gero aurkitu duen Jazz unibertso
mugagabean ere, haren doinu eta erritmo tradizionalak eta honen esperimentazio
askatasunak eskaini dioten guzia betirako eskertuz eta aitortuz. Bi mundu
horien arteko elkarrizketa eta harreman guztiz askean oinarrituta, maitasun eta
mirespen horren isla ederra da GAUR.

 

9 abestiz osatzen da diskoa. Haien artean bi dira Noa Lur berak
idatzitakoak eta gainontzekoak, aintzinako doinuak eta Oskorriren “Oi, Peio,
Peio” edo “Parisko Kale Batean” moduko kantu herrikoiak dira. Ander Garciaren zuzendaritzapean, Noa
Lur-en ahotsa da nagusi eta kide bezala hurrengo musikariak ditu: Ander Garcia
bera kontrabaxu eta baxu elektrikoan, David
Sancho
piano eta teklatuetan, David
Fernandez
baterian eta Alejandro
Fernández
Octapad-ean. Horrez gain Maria
Toro
-ren flauta ekarpenez eta Carlos
Sagi
k konposatu eta Maureen Choi,
Julia Alvarez, Pedro Barberán eta Javier Romero
k osatutako soka laukoteak
interpretatutako konponketez hornitua dator.

 

Ander (Bilbon jaioa eta gure arteko jazz eszenaren funtsezko musikaria,
bere izenpeko lau diskoren egile eta besteak beste Jeff Berlin, Rodney
Kendrick, Perico Sambeat edota Javier Paxariño modukoen kolaboratzailea) eta
Noa artista euskaldunen eta jatorri anitzeko beste artisten ikuspegi ezberdinen
uztarketa aberasgarri modura gauzatzen zaigu musikari bikainez osatutako talde
hau. Alde batetik grabaketaren muin diren David Sancho madrildarrarena , bi
diskoren egile eta Moises Sánchez, Henry Cole edo Antonio Lizanaren
kolaboratzailea; eta David Fernandez zaragozarrarena (Bob Sands Big Band, Bobby
Martinez Latin Band, Norman Hogue Band moduko taldeen partaidea), eta bestetik,
oraindik eta zabalago eginez, Maureen Choi jatorri korearreko
estatubatuarrarena edo Maria Toro galiziarrarena. Eremu zabala eta aproposa,
guzion sentsibilitate eta esplorazio egarriak asetzeko eta GAUR bezalako
emaitza kaleidoskopiko liluragarri hau posible egin ahal izateko.

 

Laburbilduz, partaideen sustraiei eskainitako omenaldi ederra, baita jazz
musikaren magiak inspiratzen duen muga eta aurriritzi ezari eta aukeraz beterik
unibertso zabalari ere. Musika bizia.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com