Gaztetasuna, talentua, lana eta maitasun mugagabea
Kike Arza Electric 4et ( Napar baxulariak izenpetutako bigarren
proiektua) zorrotz landutako diskoa izan arren, freskotasun atsegingarrienez
gozatzeko aukera franko ematen digu. Baxu elektrikoaren fusioan oinarrituta eta
Guillermo Klein-ek, 2008tik Musikeneko jazz saileko partaide den konposatzaile
argentinar bikainak, garatutako “galbahe” eta “gako” kontzeptuen inguruko ikerketa
sakon baten ondorio da, baita partehartzen duten musikari handien meritua ere.
Laukote osoak, akorde soil batetan diziplina teknikoa, sentiberatasun delikatua
eta gozamen jostalaria uztartzeko erakusten duen gaitasuna izugarria baita.
Klein-ek asmatutako “galbahe” eta “gako” horiek, erritmoen gainezartzearen
bidez doitasun matematiko ikaragarriz landutako egitura konplexuetan eta
eraikuntza armoniko barrokoetan oinarritzen dira. Haiei esker, denboraren pertzepzio
malgua eragiten dute entzulearengan.
Kike Arza 4tet-a kontzeptu horiek ditu hizpide eta erreminta, baina bere
helburua ez da lotura horren erakustaldi huts bat egitea. Kikeren konposizioen
dotorezia oroitarazlea eta doinuen argitasun ederra erabat hunkigarria baita. Giro zinematografikoak dakartza gogora. Soinu
banda txikien modura, noizbait, agian ametsetan, ikusi izan ditugun edota
benetan jazo bailiran irudikatu ditugun filmentzako soinu aproposak dirudite
bere piezek. Dena gainezarri eta nahasten da, segundo bakar batean, abesti
batetan, bizitza oso batetan.
Hortxe datza
disko honen balio aparta, eta horren arduradunak hurrengo musikariak ditugu: Satxa
Soriazu (Donostia, 1977) pianoan, goi graduatua eta besteak beste Iñaki
Salvador, Ed Simon, Kevin Haysen ikasle eta Alberto Arteta Group taldearen
partaide moduan, Getxo edo Ezcaray
moduko jazzaldietan hainbat aldiz jarduna baita sesio musikari modura Anje
Duhalde edo Gorka Knörr-en ondoan; Adrián Fernandez (Gasteiz 1995)
gitarran, Nafarroako Musika Kontserbatorio Goreneko ohorezko matrikulatua
2018an eta Chris Cheek, Aaron Goldberg edo Reuben Rogersen masterclassetan
aritua, Iñaki Asunzeren big bandeko partaide baita hamaika grabaketa
ezberdinetan “sideman” modura, haien artean 2017 bere izenpean argitaratutako
“Urjauzia” gailentzen delarik; Daniel Lizarraga (Iruñea, 1988) baterian,
Robin Eubanks edo Masa Kamaguchi moduko aristista handien ondoan zaildua eta Donostiako
Jazzaldi, Jazzfermín edo Cultura Inquieta moduko festibaletako musikari ohia,
bere proiektuen artean bereziki aipagarriak dira Broken Brothers Brass Band edo
Lurpekariak; eta azkenik Kike Arza bera (Iruñea 1981) baxu elektrikoan,
Musikeneko karrera amaieran saritua, kolaboratzaile nekaezina eta Iñaki
Salvador, Mikel Andueza edo Carmen Canela moduko artisten laguntzaile, bere
izenpean hainbat proiektu ditu gainera, 2012an BBK Impulso sariaren irabazle
izandako Kike Arza Quintet bezala, eta ez du erreparorik jazz soinuetatik urrun
aritzen diren artisten proiektuetan partehartzeko, hala nola Pasión Vega, Noa,
Estrella Morente edo María Dolores Praderaren disko eta emanaldietan parte
hartu izan du sarritan.
Gaztetasuna, kuriostasuna, talentua, lana eta
maitasun mugagabea, disko agorrezin honen zerbitzura.
Albisteak