Grebalariak

5 uztaila, 2022

JUAN DE DIEGO 4et

Grebalariak

ER-129

 

Juan De Diego, tronpeta jotzaile bilbotar nekaezin eta oparoa, bueltan dator proiektu
berri batekin eta hori beti gauza pozgarria da bere jazz ausart, dotore eta
ñabarduraz betea maite dugun guziontzat. Oraingo honetan, ohiko kalitate maila
altuan eta estreinako aldiz, laukote
akustiko
moduan (piano, kontrabaxu, bateria eta tronpeta) grabatu du Grebalariak izeneko disko hau. Bertan, Juanek erabilitako patxadari esker, soinuek tapiz
moduko ehundura ederra zein modu delikatuz sortzen duten ikusi eta gozatu ahal
izateko aukera ezin hobea izango dugu. 
Beb-bop itxura klasikoko oinarri batetik abiatuta eta bizitasun
geldiezinez, hori baino askoz musika jario zabalagoa da Juanena. Oinarrizko
hizkuntza horretaz muineraino blaitu eta haren aukera mugaezinez baliatuz
egindako esplorazio pertsonal paregabea, azken batetan. Jazz purua.

 

Grebalariak berezko 10
konposizioez osatuta dago, eta hiru artista bikain eta erakargarrien ekarpenaz
aberastuta dator:
Toni
Vaquer
piano jole mallorcarra, Pere Loewe kontrabaxu
jolea eta
Ramon
Prats
bateria jolea.
Perek
, David Allyn, Gorka Benítez, Chano Domínguez edota Perico Sambeat
moduko artistekin lan egin du eta hainbat Big Band eta Orkestren partaide izan
da ere, Bartzelonako Goi Kontserbatoriokoa edo Lleidako Julià Carbonell haien
artean. Ramón, Escola Superior de
Música de Catalunyako (ESMUC) tituluduna da eta Adel Lee Davis Big Band,
Mediterraneum Ensemble,  Liquid Trio,
Sindicato Ornette, Movin’ Wes, MAP, Morgat Morgat taldeetan aritu izan da
sideman bezela, besteak beste. Bereziki aipagarria da Albert Cirera bateriajolearekin
batera eratzen duen Duot bikote inprobisatzailea. Azkenik, Toni, egungo piano munduan promes handieneko artistetako bat da;
Conservatori Liceun ikasitako eta Berklee College Of Music-eko Masterra,
konposizio eta konponketatan espezializatua. Proiektu anitzetan garatu du bere
fazeta sortzailea eta bestalde, Jazz eta Musika garaikideko irakasle da Liceu Kontserbatorioan.
Ibilbide luze eta oparoko musikariak beraz, bereziki Pereren kasuan, bere gustu
eta joera latindar eta brasildarra pintzelkaden moduan han eta hemen
sakabanatuz oraindik eta erakargarriagoa egiten baitu bilduma guzia.
Juan De Diegok bere
aldetik, lidergoan edo taldekide moduan Freaky
trío, Juan de Diego Trío, Juan de Diego Trakas eta DEDIEGO BROTHERS
taldeetan
aritu izan da eta Benny Golson, Nicholas Payton, Jesse Davis, Frank Wess,
Perico Sambeat, Jeff Ballard, Armando Manzanero, Olga Guillot edota Ruper
Ordorikarekin lan egin izan du.

 

Grebalariak honetan Juanek
ez ditu bere kezka soziopolitikoak ahaztu eta oraingoan La Canadiense enpresan 1919an egindako grebaren ehungarren urtemuga
ospatu nahi izan du. Hari esker, beste gauza askoren artean, 8 orduko lanaldia
ezartzea lortu zen eta “Greba” abesti bera borroka horri ekin eta kasu
batzuetan bizia galdu zutenei dedikatuta dago. Jack Johnson boxealariari keinu txiki bat ere badakar. Garaiko txapeldun
zuria gainean hartu izateak komunitate afroamerikarraren borrokaren sinbolo
bihurtu zuten eta bere garaian Miles Davis handiak egin zion omenaldiaren
oihartzunak entzungarri dira oraindik ere Juan De Diegoren fraseatze ederretan.

Omenaldi,
konpromezu eta soinu plazer hutsa.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com