Abesti oro kontakizun motz bat da
Abesti
oro kontakizun motz bat da. Sortzaileen une, burutapen eta bizipenen bilduma.
Bere konposizio eta moldaketen soinuak gure barnean erresonantzia berezi bat
eragitean geure bizipenekin bat egiten du. Hortxe agertzen da musikaren magia
azaldu ezina, musika guziena eta bereziki jazz-arena, guzietan abstraktuena,
askeena eta azken batetan unibertsalena baita.
Kid
Chocolate boxeolari kubatarrari omenaldi moduko azal eder horren atzean, “Short Stories” diskoa 7 kontakizunen
bilduma da. Musikariek bere bizitzan funtsezkoak izan diren artista eta
pertsonei eginiko 7 omenaldi. Artista mirestuen bertsioak alde batetik (Kevin
Dorham, Wes Montgomery) eta pertsona kuttunenak inspiratutako berezko doinuak
bestetik. Brother Jack McDuff, Lou Bennett edo Jimmy Smith-en estiloko hammond
organoaren urruma goxoaz babestutako 7 abesti. Jazz garden, puru eta argitsuzko
7 une, forma berrietara mutatzeko prest entzunaldi bakoitzaren intimitatean.
Espero
zitekeen moduan disko honen sortzaile den
Organizing taldea eskarmentu eta trebezia handiko musikariez osatuta dago.
Ez baita posible naturaltasun hain harrigarriz horrenbeste komuinkatzeko gai
izatea.
Raúl Sainz de Rozas (gitarra) da taldearen liderra, bere
ondoan 80ko hamarkadako Beau Geste laukotearen garaietatik eta bereziki Bilboko
eta Euskal herri osoko jazzaren erreferentzia izan den Infussion taldean lagun
izan duen Jose Luis Canal (hammond organoa) duela.
Raul
gitarra klasikoko ikasketa 1991an burutu ondoren, Joe Pass, Carlos Gonçlavez
eta Kurt Rosenwinklekin batera jazz kurtsoetan aritu da eta 1992tik Getxoko
Andres Isasi Eskolako eta Donostiako Musikene Kontserbatoriko irakaslea da.
Beau Geste, Melonious Monk, Kukubarre Jazz Quartet, Tercer Hombre, Guitarras
Amigas (Salvador Salazar gitarra jolearekin osatutako bikotea) eta Funk
Collective taldeetan aritu izan da eta Nika Bitchiasvilli bibolin jole
georgiarrarekin elkarlan egin du ere.
Jose Luis Canal Iñaki Salvador
eta Joshua Edelman moduko piano joleen eskutik hasi zen Jazz-aren munduan. Bere
ibilbide luzean zehar Peer Wyboris, Jon Piris, Carlos Gracia, Borja Barrueta,
Mikel Andueza, Dani Pérez, Víctor Celada, Gorka Benítez edo Andrzej Olejniczak
moduko musikariekin jo izan du. 2015ean líder moduan egindako lehen grabaketa
aurkeztu zuen 12am izenpean (Peer Wyboris eta Jon Piris-ekin batera) eta BBK
Jazz saria eskuratu zeun ere 2014ean. Jazzetik haratago ere badu esperientzia
Gontzal Mendibil, Kepa Junkera, El Consorcio, Pedro Guerra eta abarren ondoan
edo telebistarako lanetan (ETB2, Telemadrid).
Baterian Juan
Luis Castaño aurki dezakegu, Venezuelan jaioa eta Bartzelonako biztanlea
orain, jazz eta latindar musikako erritmoetan aditua. Caracasen Juan Jose
Landeta Kontserbatorioan eta Ars Nova musika eskolan ikasi zuen, gero New
Yorkeko Drummers Collectiven kurtsoak egin zituen 1992an eta azkenik Summa Cum
Laude graduatua eskuratu ere Bostoneko Berklee Music College-an. Urte horretan
bertan Bartzelonara bizitzera joan ondoren, hiriko musika eszenako partaide oso
aktiboa izan da orduanik Jazzsi Clubeko Jams Session saioak koordinatzaile
moduan. Bilbon Joshua Edelman-en Manhattan-Bilbao Jazz Zubia grabaketan parte
hartu du eta Chano Dominguez, Kike Perdomo edo Francis Pos moduko artistekin grabaketak
egin ditu ere.
Azkenik, Alberto
Arteta saxo jotzailea dugu, egungo jazz panoramaren figura berri eta
interesgarrienetako bat zalantzarik gabe. Ohorezko matrikula eta karrera
bukaerako sari berezia eskuratu zituen Pablo Sarasate goi Kontserbatorioan. Van
Amsterdam Conservatorium-ean “Saxophone Jazz Bachelor” ikasketen barnean Dick
Oatts, Gerald Clayton, Ferdinand Povel, Dave Douglas, Gary Foster edota Don
Menza izan zituen irakasle eta kurtso amaieran bere promozioko instrumentari
hoberena izendatua izan zen. 30 disko
baino gehiago grabatu ditu líder eta laguntzaile moduan, haien artean bereziki
aipatzekoak bere lidergoan egindako hirurak:
BAT (Moskito Records, 2014), THE LEGACY (Errabal Jazz, 2016) eta BEHAR
BIZIA (Errabal Jazz, 2019).
Swing erritmo eta arima, R&B cool dotorezia,
hammond organoaren epeltasun xarmagarria. Esperientzia eta gaitasuna kontakizun
eta komunikazioaren zerbitzura beti.
Albisteak