Irati Bilbao – Begin

27 ekaina, 2024

Irati Bilbao  jazzaren errebelazio ahotsaren lehen diskoa da Begin. Konposizio eta konponketa oso pertsonalek osatzen dute bere lehen kanytu bilduma, hitz propioz, xehetasunez eta arimaz betea. Bere gaitasun tekniko handia eta sentiberatasun oso pertsonala liderraren lehen lanaren zutabeak dira, eta hori gutxi balitz, hirukote zoragarri batek bere adierazpen artistikoa ahalik eta gehien eramateko tokia aurkitzen du, eta mugarik gabeko askatasun eta sormenarekin gai bakoitza fin eta delikatuz egokitzen eta hazten da. 2019an, Durangoko Kantu Feministen II. Lehiaketaren irabazlea izan zen, “Hopefully My Prince Won ‘t Come” abestiarekin, eta urte horretan bertan, Deba Jazzez Blai jaialdiko jazz banden lehiaketako lehen saria eskuratu zuen. Jazz klasikoenean sakon errotuta, errepertorioak musika-espektro handia hartzen du. Eragin modernoagoak eta garaikideagoak dituzten proposamenek, mimoz eta sentsibilitate handiz moldatutako konposizio originalek eta standard-ek osatzen dute oraina eta iragana lotzen dituen errepertorioa. Aitor Bravo bateriak, Fran Serrano kontrabaxuak eta Mikel Nuñez pianoak osatutako luxuzko hirukoteaz lagunduta dago biraren azken kontzertuak eskaintzen (ikus agenda).

Xuxurlaka, isilpean eta itxuraz lotsati hasten da disko hau, giro-musika atsegin moduan, arreta gehiegi deitu nahi ez balu bezala. Baina konturatzerako zeure zentzu guziak gatibu hartzen ditu. Azalean ahots-jazz klasiko eta pop ukituen arteko uztarketa atsegin bat baino ez iruditu arren, berehala eta ñabardura bitxiak han eta hemen azaltzen hasten diren neurrian egiten ari zaren edozein gauza alde batera utzi eta aurkikuntza joko liluragarri horretara ematera baino beste erremediorik ez duzu. Erabat azaldu ezinezkoa den magia berezi batez josita dagoela ohartzerako mirari txiki honen atzean nor dagoen galdetuko diozu zeure buruari, oso noizean behin ematen diren ekimen baten aurrean sentitzen bait zara ordurako.

Nor eta, Irati Bilbao durangar gaztea dugu hemen bere ahots zoragarriaren bitartez, protagonista nagusia. Musikene, Euskal Herriko goi mailako ikastegian jazz gradua ateratzen jardun den lau urteetan su baxuan pixkanaka eta mimo guztiz garatutako proiektu bat da bere hau, gaitasun tekniko izugarriaz gain oso sentsibilitate pertsonal batez eratutakoa eta konposaketen doinu eta hitzen arteko joko etengabez hornituta datorrena. Eta hori gutxi balitz musikari laukote bikain bati bere espresio artistikoa ekartzeko aukera eta tokia eskaintzen dio gainera. Iratiren antzera, aintzinako musika, jazz-a, pop eta garaikidearen areko eremu liminal batetan mugitu dira bere lau kideak beti, sormen askea eta mugagabea abestiaren ezaugarri eta beharrei beti doitzeko gaitasun fina erakutsiz beti.  Eva Alcaide gitarrajole madrildarra Creativa ikastegian Emmet Crowleyren ikasle izandakoa, Musikenen bukatu eta gaur egun Eskoziako kontserbatorio errealeko ikaslea dugu. Alicanten jaiotako Jorge Fernandez pianojole dotorea, Iñaki Salvadorren ikasle izan da eta No Land taldeko partaide da. Carlos Montul huescatar baxulariak eta Jo Krauseren ikasle den Aitor Bravo arabar bateri joleak osatzen dute talde gazte benetan aparta.

Baina bakoitzaren kurrikulum edo zehaztasun teknikoen gainetik, 2019ko udazkenean Oiartzungo Mecca Recording Studioetan grabatutako berezko konposizio hauen kohesioa eta iraunkortasuna da benetan deigarria. Itxurazko klasizismoaren azpian ezkutatzen den jakituria eta aberastasuna alegia. Gaitasun teknikoak ikasteaz gain haratago joateko kuriostasuna eta ausardia dutenen seinale. Begin da hasiera. Ez galdu arrastoa…

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com