Jazzaren anarkia alaitsua

8 ekaina, 2022

 

THE NEW JAZZ
COLLECTIVE

Lucio

ER-139

 

“Egiten dugun
horretan sinisten dut beste ezerren gainetik, egiten dugulako eta egiten dugun
hura gara”
Lucio Urtubia

 

89 urte zituela
zendu zen Lucio Urtubia, “Cascanteko
Robin Hood”, bidai txekeen faltsifikazio erraldoi baten bidez First National
Bank-i desafio egin zion anarkista, eta bere atzean, oraindik ia ezkutuan
diharduen istorio bat utzi zuen, hura ezagutu zuten guzientzat betirako
inspirazio indartsua eskainiz. Hor datza proiektu honen indarra, jardun
hutsaren plazerean eta konpromezuan. Etengabe lanean jarraituz hemen garela eta
kapitalismoaren inertzia ankerraren aurrean, txikiak izanik ere, norbait garela
harrotasunez erakusteko grinak hauspotzen du ekimen eder hau.

 

Yerbabuena
Producciones-en eskutik dator proposamen berezi eta berritzailea. Antzerki,
komiki eta jazzaren hizkuntza eta baliabideak nahastuz Lucioren bizitza,
ekintza eta pentsamenduen berri ematen digu irudi, hitz eta New Jazz Collectiveren musika
zoragarriaren bitartez. Belatz, komikiaren egileak zioen bezala “Lucio joan
zaigu, baina bere ekintzen oinordekoak gara eta bere borrokarekin aurrera
jarraituz gure ondoan dagoela sentitzen dugu oraindik” eta Pilar Chozas,
ikuskizunaren koordinatzaileak aitortzen duen moduan ere “Proiektu hau,
inguruko gauza guztiak gain behera zetozela iruditzen zitzaidan unean, bapatean
iritsi zaidan opari bat izan da niretzat”; omenaldiaz gain, “Lucio” aldarrikapen bat eta borrokaren
pauso berri bat da aldi berean. Literatura, irudia eta soinuaren arteko muga
iragazkor horretan “Lucio” obrak pertsonaia poliedriko honen erretratu kubista
bat ekartzen digu. Espazio-denbora koordenada eta ikuspuntu ezberdinen arteko
elkarrizketa liluragarri honek gure aurreiritzi eta uste sendoenak hautsi eta
galdera zorrotzak planteatzen ditu. Antzokia utzi bezain pronto, hausnarketa
sakonera edota akzio zuzenera pasatzeko bultzada ederra sentitzen dugu ikusleok.

 

Eremu anitz
horretan, jazzaren anarkia alaitsuak betetzen ditu zirrikitu eta hutsune
guztiak. Marco Bellizzi (tronboia), Juan De Diego (tronpeta), Fredi Pelaez (hammond organoa) eta Hilario Rodeiro (bateria) dira hain
zuzen ere, obraren soinu egitura gorpuzten duen New Jazz Collective horren partaideak.

 

Marco dugu konposaketa eta doinuen egile nagusia; Nafarroako Goi
Kontserbatorioko Jazz tronboi irakaslea eta 15 herrialde ezberdinetan (ospe
handieneko europar antzokietatik Afrikako errefuxiatu kanpamenduetara)
kontzertuak emateko aukera izan duen artista ausart eta Konprometitua.

 

Nafarroako
Kontserbatoriotik dator ere Juan De Diego,
Bartzelonan bizi den bilbotarra Jazz Groove Trakas laukotearen liderra da,
baita DeDiego boskote ospetsuarena ere, non bere anaia den Victorrekin batera
jazz eta boogaloo nahasten dituen eta beste hamaika talde ezberdinen partaide
da ere. Haien artean, Asociación Libre Orkesta, Brassass Company, Barcelona Big
Latin Band, 666, Barcelona Jazz Orquesta, Lucrecia edo Groove Station aurki ditzakegu.

 

Bestalde, Fredi Pelaez handia dugu (diskoaren
ekoizpen eta masterizazioaren arduraduna bere Pottoko estudioetan) pianista
formakuntzaz, eta bere hammond organo magikoari emana azkenaldi honetan,
Organiks, Dynamic Trio, Carlos Bernal trio edo CIF project moduko taldeen
partaidea da. Eta azkenik Hilario Rodeiroren
eferbeszentzia erritmikoa, freelance bateria eta inprobisatzaile elektronikoa
eta Musika Akademiaren sariaren eta Bartzelonako V Concurs de Jazz-aren
irabazlea. Pamplona Jazz Orquesta, R.S.Faktor, The Good Time Rollers, Old
School Quartet edo  The Big Free Tongue
moduko taldeen partaidea da.

 

2021eko irailean
grabatua, swing gozagarrizko 7
doinuetan idealista nafarraren bizitzan lagun den soinu banda jasotzen du disko honek eta bide batez bere mezuari
jarraipen ematen dio, geure belarri eta bihotzetan oihartzun betierekoa eraginez.

 

“84 urte, eta
oraindik mundu zikin hau hobetzea dagoela uste dut” Lucio Urtubia.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com