Juan de Diego GREBALARIAK : Azken Uda

17 abendua, 2024

Juan de Diegok kontatzen duenez ATERPE izan behar luke diskoaren izena, baina udan bere ama hiltzean ideiaz aldatzea erabaki zuen. Agian, orain, denborak eta emaitzak ematen digun ikuspegi zabalagoaz baliaturik, nolabait izenburu baten atzean bestea dagoela eta biek bat egiten dutela esan daiteke. Azken uda latz horren ostean, maitasunez betetako oroimen goxorako aterpearen ordua iritsi baita. Eta udazken goibelean, aterpetxearen sutondoan, bizitza oso bateko argazki eta pasadizoak gogoratzen ditugun bitartean entzun nahi genukeen musika sendagarriaren fereka da hain zuzen ere disko bikain honek dakarkiguna.

Bartzelonako Sol de Sants estudioetan grabatuta; halako West Coast Jazz dotoreziaz betetako 10 doinu hunkigarri zein gozagarri hauetan,  Juan de Diegoren tronpeta eta flugelaren ondoan Toni Saigi pianoan, Pere Loewe kontrabaxuan eta Ramon Prats perkusioan ditugu, euskarri sendo izateko eta era berean etengabeko harreman aberatserako solaskide izateko prest azaltzen dira beti.

Edozein erara, aterpearen epelean ez dago erakustaldi pertsonalerako gogorik ezta beharrik ere. 10 pieza hauetan, “Sketches of Spain” edo “Round Midnight”-en oihartzunen artean, “Azken uda” doinuko elegia moduko tronpeta solo hunkigarri, hauskorra, “Marinela”-ren swing jolaskorra, “Tiflisko gizona”-ren blues eta “Txefinho”rren bossa ukitu koloretsuak aurkitu eta gozatzeko gai izango gara. Baina batik bat musikari bakoitzari bere maisutasuna ederki adieraziz, bere oroimena eta bere emozioa espresatzeko airea ematen zaio. Kidetasuna, oroimen maitagarria, musikaren gertutasun eta konpainia hilezkorra da hemen gakoa eta diskoaren muina. Perkusioaren goxotasunean, bai piano baita kontrabaxu harrigarrizko ekarpenak emeki dastatzeko patxada.

Urtea amaitu baino lehen Euskal Herritik arituko dira diskoa aurkezten:  20 Zorrozaurre, Bilbo, 21.30h, 21 Kult Parnasoa, Gernika, 13h, 21 La Atalaia del Gardoki, Sopela, 21h, 22 Albizabal, Amurrio, 13h, 22 Goierriko jazzaldia, Sugaar, Ordizia, 20h

Juan de Diego TRAKAS Grebalariak

Juan De Diego, tr

Bestek beste, Juan de Diego Catalunyako Filmotekan estreinatutako Jean Epstein-en “La montagne infidèle” (1923) filma klasikorako musika konposatu du eta The New Jazz Collective-ren “Lucio” proiektuan parte hartu du, eta Grebalariez gain bere anaia Victor saxofoi jolearekin De Diego Brothers taldearen buru da ere. Hortaz gain Asociación Libre Orkesta, Brassass Company, Barcelona Big Latin Band, Barcelona Acoustic Band , 666, Bandaéria edota Barcelona Jazz Orquesta eta beste ehundaka proiektuen kide da eta  Benny Golson, Nicholas Payton, Jesse Davis, Frank Wess, Dick Oatts, Carl Allen edo Wendell Bronious modukoen ondoan aritu izan da.

Toni Saigi, p

Bartzelonar jazz eszenako musikari aktiboenetako bat da. Perico Sambeat, Ernesto Aurignac, Bill Mchenry, Masa Kamaguchi, Horacio Fumero, Jorge Rosssy edota David Xirguren ondoan aritzeaz gain TRONIK laukotearen buru da eta hiru disko plazaratu ditu talde horrekin eta kolaboratzaile moduan 30 diskotik gora izan dira bere ekarpena izan dutenak (haien artean Marcel·li Bayer-en “Two Horses” edota Martin Leitonen  “Des de Abajo feat. Jorge Rossy”)

Pere Loewe, b

fazeta anitzeko musikaria dugu. Orkesta, banda sinfoniko, opera, antzerki eta jazz tradizional zein be-bop edo latin-jazz munduetan aritu izan da konposatzaile eta inprobisatzaile moduan. ESMUC eskolako jazz goi titulua du eta David Allyn, Ronald Baker, Gorka Benítez, Jordi Bonell, Albert Bover, Carme Canela, Ramon Cardo, Raynald Colom, Phil Dizack, Chano Domínguez edota  Sole Giménez, moduko artisten ondoan aritu da.

Ramon Prats, dr

Liceuko Kontserbatorioko irakaslea dugu, eta Jaume Llombart, Enrique Oliver, Esperanza Spalding, Giulia Valle, Guillermo Klein, Bob Mintzer, Greg Ward, Perico Sambeat, Martirio, Carme Canela, Jordi Rossy, Dayna Stephens, Roberta Gambarini, Deborah Carter, Eric Alexander, Mats Gustafsson… moduko izenekin, amaigabea eta txundigarria da bere kolaborazioen zerrenda.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com