Kalean da Markos Untzetak Coliseo antzokian grabatu du bideoklipa

10 otsaila, 2023
MARKOS UNTZETA.

Ekilibrista

Geroz eta ulertezinago zaigun mundu erraldoi
eta zaratatsu honetan afektu isilak, txikiak dira gure babesleku bakarra. Maite
dituzun horien begirada konplizea eta fereka leun ia ohart ezin horietan,
lagunen arteko txantxan eta konfesio une preziatu horietan bir aurkitzen dugu
gure leku galdua. Tarteka, ustezko soinu apurtzaile, abangoardista, puztu eta distiragarrien
zaparradaren erdian, Markos Untzetaren
Ekilibrista” moduko diskoak beharrezkoak ditugu
gure buru eta belarrien sendagarri modura.

 

Pandemiaren konfinamenduak eragindako aldentze
soziala, kontaktu eza, antsietate eta ezjakintasuna, betirako lurperatuta
geneuzkan beldurren berpiztea eta azken funtsean bakardadearen mina dira disko
honen muinean eta sormen prozesu pittin bat terapeutiko eta katartikoan.
Ezinezkoa da bere hitzen zintzotasunean identifikazio pertsonaleko uneak ez
aurkitzea edota bere doinu etxetiarren goxotasunean lagunaren gertutasun
fidagarria ez sentitzea. Ekilibristak baikara denok, atsekabe eta etsipeneko
uneak musikak ematen digun indar eta argia kontrajarriz eta aurrera eginez
beti.

 

Ekilibrista”,
xumetasun eta arreta handiz landutako disko txiki-handia da. Folk, country eta pop-rock egitura aski ezagunetan mugitzen da
Markos Untzetaren ahots hareatsu, sakona eta hain berezkoa. Baina musikari
laukotearen fintasunari esker edertasun oso bereziko paisaia lausoak marrazten
zaizkigu hitz horien atzean. Protagonismorik eskatu gabe, lagun sendo eta
apaingarri dotore beti. Giovanni Zanon gitarrajolea izan du
Markosek eskuineko esku grabaketa prozesuan eta 2022ko udan Haritz
Harreguy
ren estudioan, ekoizpen lan bikain batetan, Fernando
Neira
ren baxua eta Karlos Aranceguiren bateria izan
ditu kide. Giovanni gitarra klasikoko
formakuntza jaso du Stefano Cattoni maisuaren eskutik eta Italiar rock
progresibotik dator, bertan besteak beste Malomodo taldean aritu izan da eta
EHn Melissa & The Jacks taldearen partaide da ere. Karlos hamaika talde eta artisten ondoan banatu izan du bere lana:
Bide Ertzean, Quique Gonzalez, Rulo, Don Inorrez, Maite Larburu, Erentxun, Mojo
Hand. Fernando Neira bere aldetik
Ruperren Mugalaria da eta batik bat blues taldeetan (Stay Blues, Mojo Hand)
Rafa Berriorekin aritu izateaz gain. Esperientzia eta jakituria ez zaizkie
falta eta hirurok errespetu osoz, kantuak aberasteko beti prest azaltzen
zaizkigu.

 

Ekilibrista
bere seigarren diskoak ez du Markos
Untzeta
ren ildo musikalean etendura estilistikorik eragingo, ezta pop
musikaren historian ere. Erronka berri eta zirraragarrien bila asegabera
bultzatzen gaituen mundu ero honetan, agian disko xarmagarri honek eskatzen
duen atentziorako parada eta pazientzia izatea da erronkarik handiena. Afektu
txikiak, egunerokoak eta ia nabari ezinak baitira benetako bakarrak.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com