Karidadeko Benta laster itxiko dute
Duela ehun bat urte bazen Villabona eta Zizurkil artean Karidadeko Benta izeneko toki bat. Hantxe elkartzen ziren inguruko bertsolariak, sagardo upel artean; eta Pello Errotaren bertso bati esker iraun du denboran biltoki haren xarmak.
Benta hartatik hartu zuen izena Karidadeko Bentak, bertako musika eta festa giroa berpiztu nahiean. Eta taldea ere bidegurutze bat izan da, bertan garaiko bertso eta koplen ondoan kultura eta estilo ezberdinetako soinuak elkartzen baitira, tradizio aitzindaria eta aire berriak naturaltasunez uztartuz.
Jon Maia, Aran Santamaria, Inazio Tolosa, Jon Manzisidor, Imanol Manterola eta Domentx Uzin dira taldeko partiadeak, disziplina desberdinetatik etorritakoak (bertsogintza, antzerkia, arte plastikoak, klasikoa, rocka…). Izen bereko diskoarekin azaldu ziren 2003.urtean, nahiz eta bi urte lehenago hasi zen taldea martxan Gipuzkoako Zumaian. Amore,Amore eta San Quirico izan ziren hurrengo diskoak eta sei urte hauetan herri orkestratxo baten antzera, bertso eta doinu desberdinak uztartuz eszenatoki anitzak zapaldu dituzte (kaleak, antzokiak, jaialdiak edota taberna zuloak).