Larrepetit
Badira hogei bat urte Igor Arzuaga, Gile
Iturriondobeitia eta Aritza Ortuzar musika jotzeko hirukote bezala lehenengoz
elkartu zirela. Igorren etxeko musika gelako pianoaren inguruan bateria eta
baxuaren anplifikadorea atondu, eta arratsaldeak ematen zituzten Igorrek
idatzitako abestiak soinu naturalez janzten. Smog izeneko maketa bat grabatu zuten entsegurako gelaren
epeltasunean, baina ez maketa ez hirukotea ez ziren inoiz plazara atera.
Apurka-apurka, halabeharrak entsegu haiek
denboran gero eta sakabanatuago izan zitezen ekarri zuen. Geroztik, Igor
Arzuagak musika ibilbide emankorra garatu du eta euskal eszenako sortzaile berezkoenen
artean sendotu da. Ibilbide horretako hainbat diskotan lagun izan du Aritza. Gile,
aldiz, 80-90 hamarkadetan Laudioko Danba talde mitikoan aritu ondoren musika
jardun publikotik urrun ibili da.
Bizitzak buelta asko ematen ditu ordea, eta hainbeste
urte igaro ondoren, patuak hiru musikariok berriro elkarrekin jotzera eraman
ditu. Berriro hirukote formatuan hasi ziren, baina gero taldea handitzea
erabaki zuten. Smog zena Larrepetit bihurtu zen. Laura Pelayoren zeharkako flauta
izan zen abestietan txertatu zen lehena, eta behin diskoaren grabaketa hasita,
saxofoia ere sartzea erabaki zuten. Julen Iarrituri (Priscilla Band) deitu
zioten zeregin horretarako. Eta abestiei azkeneko ukituak emateko, Nando de la
Casa musikari zailduak (Ruper Ordorika, Ortophonk) teklatuak eta programazioak
gehitu zituen.
Zuhaitz
horiek Gasteizko Kultura & Natura estudioan grabatu zuten, Nando de
La Casaren gidaritzapean. Lehenik bateria eta baxua elkarrekin grabatu zituzten,
eta haien gainean pianoa, flauta, saxofoia, ahotsa eta gainerako moldaketak. Diskoa
binilo formatuan argitaratu da, CD batez lagundua, eta zortzi abesti biltzen
ditu (ezkutatuta dagoen bonus track batekin, CDan). Igor Arzuagak sortutakoak
dira abesti guztiak, eta bat egiten dute egilearen berezko unibertso musikal
eta lirikoarekin. Kantu batzuk Smogen maketatik berreskuratu dituzte eta beste zenbait
(Negua, Joan zinetenetik) Igorrek Nieves Arillarekin grabatutako diskoan
zeuden (Llegará, 2013), baina
oraingoan euskaratu eta instrumentazio berriaz moldatu dituzte.
Ez da lehen aldia Arzuagak talde baten
laguntzaz janzten dituela bere abestiak, baina Laudioko egilearen aurreko
diskoen aldean, Zeru horiek lanari argi
berezi bat dario. Poparen melodiak, jazzaren leuntasuna eta folkaren lurrina
biltzen dira itxuraz xumeak diren baina Igor Arzuagaren konposizioen indar
iradokitzailea gordetzen duten abesti eder hauetan.