Matabuenapura

17 maiatza, 2024

Madrileko Goi-Kontserbatorioko Musika sortzaile zentroan “jazz-interpretazio-ibilbide” arloan goi tituluduna, Mónica Matabuena getxotarra , hamar urte baino gehiago daramatza ahotsaren erabileran formakuntza etengabean eta CINEMA, JOAO edo LAS NEGRAS DEL 45 moduko proiektuetan murgilduta. Horrez gain, Institute for Vocal Advancement ospetsuko irakasle zertifikatua da eta abeslarien heziketa integralerako zentro baten zuzendaria ere.

Urteetako heltze prozesu motel baten ondoren, Monicak bere estreinako diskoa plazaratzeko unea iritsi zaiola erabaki du. Berezko konposaketa eta bertsio bitxien artean dotorezia osoz nabigatzeko aukera ematen dion ahots zoragarri baten jabe baita. Hondartzako arrats baten moduko ahots berotsu eta barea. Emeki urruma etengabea egin arren, ez da inoiz  beste soinuen gainetik inposatzen. Abesti  guztien argia eta gidaria da, baina ez gaitu inoiz itsutzen eta lagun dituen instrumentuei arnas hartzeko espazioa ematen die, nota eta ehundura musikalen arteko harremana, gozamena eta inprobisaziorako jokoa ahalbidetuz beti. Iturri aski ezagun eta guztiz onartuetatik edaten du bai, baina diskurtso guztiz pertsonala eta garaikidea eraikitzeko gai da, aldi berean. Diskoan, Maria Joao, Camila Meza, Bill Frissell edo Paul Motian moduko artisten arrastoa sumatu dezakegu. Soleá kutsuko jazz modala aurki dezakegu eskoziar folk balada batena, baita espainiar abesti tradizionalari eginiko omenaldi eder bat ere, “Ojos Verdes” kantuan. Sustrai musikalen ezagutza sakona eta haienganako errespetu osoa birrasmakuntza eta ezustekorako gaitasun bikain batekin elkartzen dira hemen.

Matabuenapura izenpean Mónica Matabuena kantariak estraineko garbi eta dotorea eskaintzen digu goi mailako musikariak lagundurik.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com