MATHILDE MAITATZEKO MODUAK
Istorioaren narratzaileak guztiz finkatuta ditu lana, familia eta bizitza. Etorkizuna ere, itxura batean, lotuta eta egonkortuta. Bulegoan lanean ari dela, ordea, gaztetako jolas batekin gogoratu da, eta, itsu-itsuan, jolas horretan murgildu da: kalean ikusitako neska bati jarraitu behar dio, edonora doala, ondorio guztiekin. Gaztetan, jolas horrek zentzu sexuala zuen; baina orain, gaztetan ez bezala, istorioaren protagonistak sorpresa bat aurkituko du jolas sinple horren atzean: neskari agenda eroriko zaio, eta narratzaileak agenda horretako telefono batzuetara deituko du, gehiago jakiteko asmoz. Nor da neska hori, norengandik doa ihesean? Nor da Mathilde, zergatik begiratzen du beti atzerantz?
Julen Gabiria (Galdakao, 1973) Soziologia lizentziatua da eta Enpresa Ikasketetan diplomatua. Ogibidez itzultzaile, idazle gisa ere ezaguna da. Ipuin bilduma kolektibo ezberdinetan ageri da bere lana, baina Connemara gure bihotzetan (Elkar, 2000) eta Han goitik itsasoa ikusten da (Elkar, 2004) eleberriak dira literatur lan aipagarrienak. Antzezlan ezberdinetan eginiko moldatzaile lanak ahaztu gabe, zuzeneko emanaldietan azpimarratzekoa da Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio bertsolariekin 2006an Bilbon egin zuten Urikeriak. Blogari ezaguna da euskal blogosferan, nahiz une honetan proiektu hori lozorroan duen: http://www.eibar.org/blogak/gabiria