Mikel Andonegi: nortasun zehatza lortu duen musikaria
Mikel Andonegi pianista eta abeslari donostiarra izen eta molde ezberdinetako proiektuetan ezagutu dugu azken urteotan. Batetik, 4 Brothers and A Ghost boskotearekin abangoardiako jazzaren uretan murgildu zen, eta disko homonimo bat kaleratu zuen 2007an, Errabal diskoetxearekin; bestetik, Poetic Babies egitasmoa gidatzen du, soul, hip hop, jazz eta musika elektronikoaren arteko nahasketa retrofuturista, Adding Strangeness to Your Sense of Beauty Since 1998 (Gaztelupeko Hotsak, 2009) diskoan jasotakoa. Musika beltzaren gaur egungo joera ausart eta ipurterreen zaleek oso ondo hartu dituzte bi egitasmoak.
Euskal Herrian egin ohi denetik aparte dago Andonegiren sorkuntza, eta horrekin zerikusia izango du, beharbada, 90eko hamarkadaz geroztik atzerrian bizi izanak. New Yorken 16 urte egin zituen eta azken bost urteak Londresen eman ditu. New Yorkera joan aurretik, M-ak taldearekin aritu zen epe labur batean –Emeak eta arrak (1986) diskoan parte hartu zuen- eta Donostiako Jazzaldian bakarkako piano kontzertu bat eskaintzeko aukera izan zuen 1988an.

Mikel Andonegik lider gisa sinatzen duen hirugarren diskoa da Hiru, eta jazz hirukote akustikoaren formatuarekin grabatzen duen lehenengoa. Bere egitasmo guztietan bezala, musika beltzaren tradiziotik, edo tradizioetatik, abiatuta zerbait berria sortzeko grinak akuilaturiko diskoa da; hiru musikariek iraganean ezagututakoari begiratzen diote etorkizunari heltzeko.
Alde batetik, jazzaren historiako izen handien (Wayne Shorter, Thelonious Monk, Duke Ellington…) konposizio ezagunak berreskuratu ditu hirukoteak, eta gaur egungo musika ulertzeko Andonegiren ikuspegi pertsonalera, arriskuez, konplexutasunez eta intentsitatez beteriko ikuspegira egokitu ditu. Ehunka musikarik moldatutako obrak izan arren, berrasmatuak dirudite Andonegiren hirukotearen eskuetan, haren sen musikalaren, delikadeziaren eta maisutasun teknikoaren ondorioz. Konposizioen beste erdia Mikel Andonegik sortutakoak dira. Stevie Wonder gogora ekartzen duen ahots fin horrekin falsetoan abesten duenean soul garaikide edo neo-souletik gertu kokatzen da.
Mikel Andonegik nortasun zehatz bat sortzea lortu du musikari gisa, bereizten erraza eta bakana. Hiru da garapen horren azken adierazpena.
Albisteak