Mingus Moods

18 apirila, 2023

Charles Mingus, aldi berean edertasun handiz, zatarki eta zikin, maitasun osoz, gorroto sakonez, zorrotz eta leun jotzen duen musikaria da. Jazz musikaria funtsean, baina helmen askoz unibertsalagoa duen musika, edo agian hobe soinu moldatzaile paregabea dugu. Ez bakarrik bere gaitasun miragarrian, baita bere izaera poliedriko, arriskutsu eta deszifra ezin horretan. Arrazakeriaren aurkako borroka etengabean, izaera oldarkor, desafiatzaile eta ausartaz beti, milaka iskanbilatan sartuta, jenio txarreko musika maitale amorratua eta gaindiezina. Asko gara bere musikaz liluratua, XX mendeko jazz eta orohar musika guzietako artista handienen artean kokatzen dugunok. Baita haren izaera eta bizimodu trumoitsuaren misterioaz erakarrita sentitzen garenak. Haien artean, Mingus Moods disko bikain honen egile eta bultzatzaile nagusia, Iosu Izaguirre kontrabaxu jole aparta.

Iosuk ondo dioen bezala Mingusen obran gospela, bluesa, afrikar musika, New Orleans, Mexiko, Kolonbia, swing, bebop, Duke Ellington, Debussy, Stravinsky eta free jazzaren eraginak entzun ditzakegu. Baina bera, bere egia, bere borroka eta maitasuna identifikatu dezakegu nota guzietan. Eta horixe izan da Iosuren hizpide eta erreminta nagusia. Maisuaren musika disekzionatu eta osagai txiki eta sinpleenetara murriztu, haiekin omenaldi moduko eraikin berri eta “guztiz Mingus” bat aurkeztu.

Iosu Izaguirre, hamabost urteko mutikoa zela hasi zen baxu elektrikoarekin, Ska eta rock taldeetan eta berehala jazzaren dei indartsua sentitu kontrabaxuaren teknika ikasi eta jotzen hasi zen. Bartzelona aldean Victor de Diego, Gorka Benitez, Alejandro Di Costanzo, Alejandro Mingot eta Teresa Zabalza pianistarekin aritu zen urte batzuz eta Gasteizera itzultzean Mikel Urdangarin kantautorearen eta Bingen Mendizabal konpositorearen zenbait proiektutan hartu zuen esku, baita Iñaki Salvador pianistarekin eta Hertzainak taldeko Gariren disko ekoizpenean eta birako musika zuzendari modura aritu ere. Eta hori gutxi balitz, Ruper Ordorika edo Mikel Laboaren ondoan aritu izanda ere bere ibilbide oparo eta anitz horretan. Eskarmentu, esperientzia eta jakituria handiko musikaria, eta zergatik ez? Gure “Mingus txikia” ere.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com