poema eta musika kontrabandistak
“Duela hamalau urte elkarrekin gertatu ginen
mugaldean, Berako aduana zaharrean. Zimurtu zaigu pixka bat larruaren jantzia
geroztik, eta buruko ilea bakandu. Nolanahi ere, musika eta literatura senidetzeko
gogoak bildu gaitu berriz. Hirugarrenez”. Taldeak berak gogora dakarkigu, diskoa
entzuten hasi orduko, noiz, non eta zertarako elkartu ziren Edu
Zelaieta idazlea eta Beñardo Goietxe eta Raul
Garcia musikariak mende honen hasieran. Zelaietak berak argitaratutako Mugaldekoak (Susa, 2004) poema liburua
abiapuntu gisa harturik, poesia eta sustraidun musika (folka, countrya, bluesa,
rocka…) uztartzeko proiektua jarri zuten martxan, eta asmo horrek gidatu du
taldearen jarduna gaur arte. Galdemoduen trilogia
hirugarren diskoa beste urrats bat da norabide horretan.
Gehienbat akustikoa eta folk ildokoa zen lan
soil eta biluzi baten ostean —Biziago
sentitzeak dakarren muga inguruan (Gaztelupeko Hotsak, 2006)—, nazioarteko
herri kantutegia euskarara eta begirada propioarekin moldatzeko gaitasuna
erakutsi zuen taldeak Begiak lekuko bigarren
diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 2012), zeinean besteak beste Vashty Bunyan,
Leonard Cohen, Bob Dylan, Jose Afonso edota Conjunto Bernalen kantuak egokitu
zituzten modu guztiz sinesgarri eta koherentean.
Hirugarren lan honetan, nolabait hastapenetara
itzuli da Mugaldekoak. Alde batetik, jatorrizko hirukote formatua berreskuratu
du —Begiak lekuko-n Mattin
Sorzabalbere baxu jolea batu zen taldera—, baina inoiz baino laguntza handiagoa
izan du grabazio estudioan. Oinarri erritmikoa osatzeko Xavi Perez ‘Bull’ baxu
jolea (Inadaptats taldeko kidea) eta Ander Barrenetxea bateria jolea (Morau eta
Agotak, Juan Mari Beltran) izan ditu lagun, eta hainbat kolaboratzailek kolorea
eman diete abestiei: Morau, Petti eta Idoia Gillenea ahotsetan aritu dira,
Kotte Berrueta akordeoiarekin, Begoña Rudi pianoan…
Kontzeptu aldetik
ere Galdemoduen trilogia gertuago
dago lehen diskotik bigarrenetik baino, bertsioak baztertu eta konposizio
propietara itzuli baita taldea. Wislawa Szymborskaren poema bat salbu —aurreko
bi diskoetan ere agertu zen poeta poloniarra—, Edu Zelaietak sortutakoak dira
testu denak. Ildo kritiko, sozial eta aldarrikatzailea nagusitzen da letretan
—badago umore eta plazererako tarterik ere—, kultur aniztasuna, nekazal
munduaren gainbehera, ustezko herrialde aurreratuen ohitura atzerakoiak,
gizartearen zurikeria, xenofobia edota emakume langilearen aitortza bezalako
gaiei erreparatzen baitie Beran finkatutako poeta gasteiztarrak.
Doinu gehienak
berriz, Raul Garcia multiinstrumentistak eta Beñardo Goietxe abeslari bikainak sortu
dituzte, eta sustraidun musikaren inbentario moduko bat osatu dutela esan
liteke, taldearen hastapenetatik Mugaldekoekin erabat identifikagarria den
folk-rock ildoari (Bizitzeko inbentarioa,
Etsaia) beste hainbat giro gehitu baitizkiote.
Bertan aurkitu daitezke Tom Waitsen giro uherrak (Hurrup!), Pascal Comeladeren jostailuzko bihurrikeriak (Nire balentriak ez bezala), folk
ingelesa (Bi kopa), rockabilly
peto-petoa (Onddo bila), tex mex
baladak (Orabideko errekako balada),
Mississippiko bluesa (Emazteki langilea)
edota mugaldeko atmosferadun spoken word-a
(Astro-H).
Gai eta estilo
aniztasun horrekin batera, nabarmena da konposizioak borobilagoak direla eta
taldeak arreta eta zaintza berezia jarri duela moldaketetan. Horrek guztiak
egiten du Galdemoduen trilogia izatea
Mugaldekoen orain arteko lanik sendoena.