Musikari eta letra egile apartak

20 urtarrila, 2014

 

Zoriak edo patuak nahi izan du disko hau orain argitaratzea eta ez lehenago, edo are okerragoa litzatekeena, kaleratu gabe gelditzea, eragotzi du. Izan ere, Angel Unzu gitarristaren eta Txuma Murugarren abeslariaren arteko elkarlan honek 2000. urtean du abiapuntu. Artean, Sasoi Ilunak-en aroa amaiturik, bere bakarkako ibilbidearen hastapenetan zen Murugarren -urte hartan kaleratu zuen lehen diskoa, Nire leihoak– eta Angel Unzuri dagokionez, ibilbide oparoa zuen bizkar gainean, 80ko hamarkadan Ganbara folk taldeko kide izan baitzen eta ondoren estudioko musikari gisa hainbat kantari eta talderentzat egin baitzuen lan (Etzakit, Alaitz eta Maider, Imuntzo eta Beloki, Eltzegor…).

 

Unzuk sortutako doinu batzuk aurkeztu zizkion Murugarreni garai hartan, honek hitzak jarri -ezaguna da Murugarrenen hitzen kalitatea- eta elkarrekin kantu bihurtzeko asmoarekin. Haatik, bestelako proiektu batzuk agertu ziren bidera, eta eragotzi egin zuten egitasmo hura gauzatzea. Bion arteko balizko elkarlanaren testigu bakarra zen kasetea kaxoi batean gordeta geratu zen, eta bakoitzak bere bidea jarraitu zuen: geroztik igarotako 13 urte hauetan Murugarrenek beste bost disko grabatu ditu Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin, eta Unzu, hiru disko argitaratzeaz gain –13 solos, Melodías de piel eta Tiempo de búsqueda, jazz, folk eta musika garaikidearen ildoan-, Benito Lertxundiren eta Jabier Muguruzaren kolaboratzaile estua izan da, besteak beste, diskoen ekoizpen lanetan eta zuzenekoetan.

 

Zoria edo patua. Duela hilabete batzuk, ezustean, kasete hura aurkitu zuen Unzuk, eta ia ahazturik zituen kantu-zirriborro haiek Murugarreni berriz erakustea erabaki zuen. Zimelik gabe, denborak onduak bezala agertzen ziren kantuak, gaur-gaurkoak. Oraingoan ez zegoen proiektuari heltzeko oztoporik, bi musikariak libre zeuden kantuak lantzeko eta grabatzeko. Hitzak berridazteari ekin zion Murugarrenek -aurreko saiakeran sortutakoak galdu egin baitziren bidean-, eta Unzuk bere gain hartu zituen doinuak janzteko moldaketak. Grabaziorako, jazz-rockean eta musika instrumentalean trebatutako Buffalo taldeko bi kidek (David Gorospe bateria jotzaileak eta Joanes Ederra baxu jotzaileak) eta Rafa Aceves pianista eta Murugarrenen ohiko kolaboratzaileak osatu zuten taldea. 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com