Nevermind 3
Nirvana-ren “Nevermind” disko handiak mundu osoan, eta noski Euskal Herrian, eragin zuen eztanda musikal eta artistikoaren eztandaren oihartzuna entzungarria da oraindik. Tsunami hark bere baitan hartu zuen ez bakarrik grunge-rock tankerako musikari eta taldeak baita hasera batetan Seatlle-ko hirukoteak jorratzen zituen doinu bortitzetatik estetikoki oso urrun ziruditen talde eta musikariak ere. Haien artean ditugu gure gaurko protagonistak. Ainara Ortega (ahotsa), Aritz Luzuriaga (kontrabaxua), Jorge Abadías (gitarra elektrikoa) eta Hasier Oleagak (bateria eta perkusioak) 2008 aldera Nirvanarenganako mirespena bere hizkuntza musikal naturala zuten jazz-arekin nahastu eta batik bat, jazz hori jorratzeko jarrera blaitzea erabaki zuten. Era horretan, abangoardia, tradizioa, ausardia, freskotasuna eta intentsitate bizia nahasten zituen Nevermind People taldea sortu zuten, garaiko zale guztiak aho bete hortz utziko zituen zuzeneko emanaldi eta grabaketa sorta bikaina eskainiz urteetan zehar.
Ibilbide horretan taldeak formakuntza eta partaide ezberdinak izan ditu. Abeslariak taldea utzi zuen eta hirukote instrumental bezala aritu izan dira, baita kontrabaxurik gabe eta saxoaren ekarpenarekin ere. Hala nola, Hasier Oleaga The Heckler taldean, Teresa Zabalzaren boskotean edota Ruper Ordorikarekin eta Mikel Laboaren ondoan aritu izan da. Julen Izarra Trizak taldean edota Travellin´Brothers konboan, besteak beste, ikusi eta gozatu ahal izan dugu. Jorge Abadías-ek, Endavant, Tapan group, keices, Marcos Sanchez Quinteto, Wachisneis, Perro Verde eta beste hainbat ekimen biltzen dituen ibilbide luze baten jabe da eta bere izenean “A tablero” edota “Zuri” moduko lan borobilak plazaratu izan ditu ere.
Zaharra-berri, berria-zahar, grunge-jazz edo jazz-grunge, 2008 edo 2024. Musikaren hizkuntza amaigabe eta hilezkorraren jolasteko aukera eta grinak mugitzen gaituenean estilo eta garaien mugak disolbatu egiten dira. Abuztuan bi kontzertu egiteko elkartu izan dira (ikus agenda). Goza dezagun bada.
Albisteak