PETTI eta TXUMA zuzenean BILBON
PETTI. Nafar musikaria Folk-rock izenda genezakeen estiloaren aitzindari dugu. Hamasei urtekin murgildu zen musika munduan eta hainbat rock taldeetan aritu ondoren bere bakarkako ibilbideari ekin zion kantari berezia eta gitarrajotzaile fina zela erakutsiz.
ON izenpean kaleratzen du 2007ko udazkenean bere laugarren diskoa. Bertan, musikariaren alderdi anitzak uztartzen dira: akustikoa, elektrikoa, bluesman disdiratsua eta rockero grinatsua. Dena bere kantaera eta ahots bereziarekin inguratuz eta testuetan bizitzeko esperientziaren interpretazio poetiko bezain basatia emanez. Beti mugan ibili diren musikarien erritmoetan lerrotuz. Zuzenean, diskoa grabatzeko bere ondoan izan dituen musikariek laguntzen dute.
TXUMA MURUGARREN. Sasoi Ilunak taldeko abeslari, gitarrista eta kantuen hitzen egilea izan zen 90eko hamarkadan. Hiru disko grabatu zituen taldeak eta 2000.urtean bere bakarkako ibilbideari ekin zion. Ordutik bost lan luze kaleratu ditu eta azkenekoa, Marjinalia orain arteko bilakaeraren sintesi gisa uler daiteke, bertan batzen baitira giro dekadenteen zalea den Murugarren, kabareteko eta Europako ekialdeko ijitoen musikak liluraturikoa, pop kantu egile petoa, gitarra eta ahots soilarekin hunkitzea lortzen duen kantaria… inoiz baino lirikoago eta indartsua agertuz.
MARJINALIA disko berria aurkezten diskoa grabatu berri duen musikari taldearekin batera.