ROGELIO BOTANZ eta ALFONSO SASTRE: 25 urteko adiskidetza taula gainean
Sastrek eta Botanzek kasualitatez egin zuten topo Duela 25 urte izan zen hori, eta ordudanik, beren arteko harremana sendotzen joan da, nahiz eta kantari legazpiarra Kanarietan bizi eta Sastre Hondarribian. Harremana adiskidetasun bihurtu zen berehala, eta Botanz urtero etortzen zenez Euskal Herrira, urtero eramaten zion Sastreri abesti berri bat.
Kantu bihurtu diren testuetako asko aspaldikoak dira, eta badira espetxean idatzitakoak ere. Horrek ez die, ordea, gaurkotasunik kentzen. Botanzen iritziz Sastreren poemek guztioi buruz hitz egiten dute, nahiz eta bere amaz edo semeaz hitz egin.
Orain dela mende laurden hasitako harremana, azkenean, musika, hitza eta irudiak biltzen dituen CD batean haragitu zen. Bertan, kantariak Sastreren poemekin egindako 13 kantu jaso ditu, eta idazleak bere testuetako sei irakurri ditu. Halaber, Sastrek bere bizitza eta lanari buruz hitz egiten du CDak jasotzen duen bideo pista batean. Kontzertuan ere horiek guztiak entzun ahal izango ditugu.