Ruben Salvador & RS Faktor

14 martxoa, 2023

Vipassana Indiako meditazio teknika zaharrak dioenez, gertaera orok, ona zein txarra izan, prozesu bera du: jaio egiten da, denboran irauten du (luzeago edo laburrago) eta desagertu egiten da.  Sufrimenduaren jatorria desira bera da, bai zerbait gertatzea nahi dugunean baita kontrako nahi dugunean ere.  Beraz, gertaera baten aurrean, gertaera hori onartu egin beharko genuke, eta eragindako erreakzio positibo edo negatiboenganako atxikimendurik gabe joaten utzi. Disko honetako konposizioak Ruben Salvador-ek Vipassana teknika ikasiz eta barneratuz pasatako hamar egunetan bizitako esperientzietan oinarrituta daude, haren ezaugarri eta onura garrantzitsuenak islatzeko asmoz.

Egia esan, be-bop eta orohar jazz musikaren izaera geldiezin, jostakari, ustekabeko eta dinamikoari eta eragin dezakeen trantze meditazio arazlea ezin hobeto dagozkio Vipassanak irakatsitako hainbat kontzeptu. Arnasa, instrumentuen barrena bibrazio moduan itzuliz gugana eta gure arnasarekin bat eginez. Iraunkortasun eza, doinu eta egiturak eraiki bezain pronto desegiten zaizkigu belarrietan eta geure irudimenean, atxiki gabe esplorazioan jarraitzera eta konzentrazio eta fokalizazioa tinko mantentzera
animatuz eta lagunduz.  eta azkenik, disko berari izena ematen dion Equamimity hori. Onarpena, musikaren barnean eta musikaren nahiera geure burua uztea,
meditazioan, ezer desira gabe, musikari bera izaten utziz, besterik gabe.

2022ko apirilean, Freddi Pelaezen eskutik Pottoko estudioan grabatu eta Afrobeat-etik New Orleans-eko erritmoetara zabaltzen den doinu bilduma honetan Ruben Salvador beraren tronpeta eta flugelhorn-arekin batera, Hilario Rodeiroren batería, Satxa Soriazu-ren piano eta Rhodesa, Aritz Luzuriagaren kontrabaxu eta baxu elektrikoa eta Julen Izarraren saxo tenorra ditugu.

Ruben Salvadorrek ez du aurkezpen handiren beharrik, izugarrizko ibilbidearen jabe, tronpeta klasiko eta Jazz-aren goi tituluduna da eta besteak beste Winton Marsalys edo Randy Brecker moduko maisuen masterclass-etan aritu da.  Pop-rock (Kiko Veneno, Los Enemigos, Xoel Lopez…) nahiz jazz eta blues talde ugarietan eta musikari handien zuzendaritzapean (Bob Sands, Dusko Goykovich, Dick Oatts, era guztietako Big Band, Iñaki Salvador, Andreij Oleijnizak, Ion Robles, Agustín Guereñu, Gonzalo Tejada, Hasier Oleaga, The Allnighters, Travellin´Brothers …) sakabanatzen da bere esperientzia eta ekarpena. Julen Izarra, Errenteriako Musika kontserbatorioko irakasle dugu eta Nevermind eta Hasier Oleaga Catus Caterva proiektuen partaide da ere.  Hilario Rodeiro Galiziatik dator eta Donostian eskuratu zuen bere piano lizentziatura. Mandra (CiTriC, 2011), W2 (Los Wachisneis, 2013) eta Albura (The Big Free Tongue, 2014) diskoetan parte hartu du eta  Bob Sands, Andrzej Olejniczak edota Chris Kase-rekin elkarlanean aritu da. Alejandro “Satxa” Soriazu  hernaniarrak piano klasikoko formakuntza du baina 2002tik aurrera jazz munduan aritu da nagusiki.  Sesioko musikari moduan aritu izan da sarritan  (Jexuxmai Lopetegi, Urko, Xabi San Sebastian, Mikel Markez, Anje Duhalde, Niko Etxart, Gorka
Knörr….) eta paraleloan bere taldeetan (The Mother of the Lamb, Trieb). Azkenik Aritz Luzuriaga donostiarra eta Musikeneko baxu elektriko tituluduna dugu
ere, eta Nevermind Trio edo Satxa Soriazu eta Jorga Abadías-en grabaketetan parte hartu izan du ere beste askoren artean.

Edozein erara eta motibazioen eta zehaztasunen gainetik, Equanimity jazz saio bikain, dinamiko, etengabe aldakor eta uneoro dotorea dugu. Vipassanak ondo irakasten duen bezala, unean unea bizi eta gozatzean datza musika betiereko honen plazerra, bai egile baita entzuleentzat ere. Hona aukera ederra.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com