Silvioren gorazarrez

30 maiatza, 2023

Dani Artetxe gitarra joleak Silvio Rodriguez paregabearen musikaz sentitzen duen maitasun eta mirespenean datza “Yo me muero como viví”  honen sustraia. Are gehiago, lilura horren barna egin eta imitazio moduko ohiko omenalditik haratago joateko nahia da guzi honen motorea. Bere ahotsez eta bereziki bere gitarra zoragarriaz baliaturik bertsio guztiz pertsonalak eraikitzen ditu hemen Danik, su motelean eta mimo handienez landuak, hilabetez etengabe entseiatu eta errepertorio egokia doitu arte. Iruñeako Goi Kontserbatorioan ezagutu dituen musikari kidez inguratu da Dani Artetxe grabaketa honetarako, Bartzelonako ESMUC-ean aritutako Jon Carranza aspaldiko laguna ezik. Bertan, Jon Urzaiz-en zuzendaritzapean eta Iruñeako “sounds of siren” estudioan grabatutako 8 doinu aurkitzen ditugu.

Dani Artetxe, bilbotarra da eta CSMN eskolako goi graduatua Jazz gitarra interpretazioan. Bestalde Gasteizko Jazz festibalean eta Bilbaina Jazz Clubean aritu izan da zuzenean eta Alberto Arteta, Felix Rossy, Iñigo Ruiz de Gordejuela eta Eric Surmenian moduko artisten taldeen partaidea da.

Daniren ondoan aurkitzen dugun musikari sorta bikainean hurrengo hauek aurki ditzakegu:

Adrián Buenaga, kantabriarra, Oklahoma Cityko Classen Instituzio musikal aurrerakoian ikasle izandakoa eta Grupo de Jazz Cudonia, Jaguayano, T-Walkers edota berriki sortutako Santanderreko Big Band taldeen partaidea ere;  Borja Echevarría, tekla eta piano jole iruñarra, Pablo Sarasate Kontserbatorio profesionalean clavicembalo eta pianoko ikasketa klasikoak eta jazz piano eta musika pedagogiako goi ikasketak burutu izan ditu, Deborah Carter, Ramón Cardo, Toni Vaquer edota Agustí Fernández moduko aritstekin elkarlanean aritzeaz gain. Dani Olazarán, nafarra, Pablo Sarasate eskolan perkusio eta bateriako goi ikasketak burututakoa eta hau ere Debora Carter, Ilja Reijngoud, Yorrick Troman edo Eric Surmenian modukoen ondoan aritzeaz gain Suakai konpainiarekin “Música en cada rincón” (2020, 2021 eta 2022) proeiketuan barne biran eta Navarra Aretoan  “Stella” ikuskizunaren grabaketan aritutakoa; Jon Carranza, bermeotarra eta Gernikako Julia Foruria kontserbatorioan baxu elektrikoko graduatua eta ESMUC-eko ikasle, Anna Riera Fundazioaren exzelentzia bekaduna, oso aestilo eta jatorri anitzeko proiektuetan aritua gainera (Mississippi Queen & The Wet Dogs, Escandaloso Xpósito, Franz Schubert Filharmonia, Guy Salamon, Vicente Marín Trio eta beste asko) ; eta azkenik Lorena Aisa, jazz kantu eta piano klasikoko ikaskuntzan egindakoa eta rock edota reggae estiloetara emana eta irekia bere azken grabaketa eta proiektuetan, Skabidean bereziki haien artean.

Estiloak estilo eta kolaboratzaileak kolaboratzaile, guzi honen gainetik, energia uholde baten moduko omenaldi bizi eta indartsu baten aurrean aurkitzen gara. Daniren gitarrak aldi batzuetan bortizkeria sutsuaz eta beste batzuetan artisau baten laztan delikatuaz moldatzen ditu Silvioren doinuak, joko baten modura. Ez da ba harritzekoa, Daniren eragin musikalen artean Black Sabbath, King Gizzard and the Lizard Wizard edo Supertramp moduko erreferentzia ezberdin eta bitxiak aurkitzea. Are gehiago, haien guzien oihartzun eta aztarnak aurkitzea Daniren  soinu paleta oparo eta txundigarrian. Bere proiektu kideak ez dira atzean geratzen eta korronte biziaren barna ausart jauzi egiten dute, erabat gozatuz gainera eta sinkronia harrigarriaz doinu bakoitzari dagokion zabaltasuna eta dirdira ekarriz. Mimo eta maitasuna osoz atondutako lana. Bai Silvioren kantuei baita jazz eta musika ororen indar betierekoari ere. Gutizia.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com