
STAY BLUES gozatzeko
2007eko udan Stay Blues taldeak bere lehenengo diskoa argitaratu zuen, blues moldeko bertsio sorta oparo batek osatua. Urteak dira taldea utzi zutela baina partaideek ez dute musika eta bluesa baztertu. Asteon kontzertu berezia eskainiko dute Donostian. Diskoa kaleratu zutenean horrela esaten genuen:
Rockean gertatzen ez den bezala, salbuespenak salbu, bertsioak egiten dituzten blues taldeak aintzat hartuak izaten dira, baloratuak, ez baztertuak. Berdin gertatzen da jazz edota reggae musikarekin. Zaleek estimatzen dute tradizioa ezagutarazteko, maisu handiak omentzeko, hamaika aldiz entzun ditugun kantu ezagun horiek norberaren nortasun eta estilora egokitzeko eta eraberritzeko edota itzalean geratutako harribitxiak berreskuratzeko taldeok egiten duten ahalegina. Bluesaren barruko azpiatal bat da bertsioena. Diogunaren adibide garbia daukagu Stay Blues taldean.
Alvaro Fernandez (ahosoinua eta gitarra) eta Paul San Martin (ahotsa eta pianoa) dira Stay Bluesen alma mater-ak, gidariak. Blues akustikoko proiektu hau beren kantu kutunenen moldaketak egiteko sortu zuten orain dela hamar urte inguru, baina bi musikariek deabruaren musikarekin duten harremana askoz lehenagotik dator. Donostia eta musika beltza lotzen dituen kate gero eta luzeagoan maila bat baino gehiago jarri dituzte bien artean. Esperientzia eta ezagutza, bluesaren bihotzgunera iristeko hain beharrezkoak diren bi bidailagun horiek, ez zaizkie falta. Fernandezek Donostian azken bi hamarkadetan sortutako bi blues talde esanguratsuenetan parte hartu zuen, Lau Behi-n eta Blues Stop-en, besteak beste, eta San Martin blues eta jazz doinuekin zaildutako musikaria dugu, The Roadrunners taldean aritu zen, eta zenbait pop talderekin kolaboratu du. Halaber, Alex Ubago abeslari arrakastatsuaren taldeko kide izan zen.
Bide luzea eta ezohikoa egin du Stay Bluesek lehen disko honetara iritsi arte. Bikoteak berehala aurkitu zuen hirugarren bidaidea, Fernando Neira (baxua), eta hirukoak astero Donostia inguruko aretoetan jotzeari ekin zion. Taldearen lan onak, ahoz aho zabaldutakoa, inguruko blues jaialdi gehienetako ateak zabaldu dizkio, baita edozein talderentzat, are gehiago diskorik izan gabe, irekiezinak diruditen beste batzuk ere: Raimundo Amadorren kontzertua ireki zuen Burgosen (Espainia), eta Donostiako Jazzaldian 2006. eta 2007. urteetan jo du. Karlos Aranzegi kide berriarekin (bateria, Bide Ertzean) are sendotasun handiagoa erdietsi du taldeak. Urrats hauek guztiak eman ondoren, lehen diskoak ezin zuen gehiago itxaron.
Musika beltzaren bederatzi estandar bildu ditu Stay Bluesek lehen lan honetan. Errepertorioak ez du orbanik, kantuok aurretik bere egin dituzten artisten izenei begiratzea besterik ez dago: Ella Fitzgerald, The Beatles, Peggy Lee, Little Richard, BB King, Cannonball Adderley, Diana Krall edota Madeleine Peyroux, batzuk aipatzearren. Bonnie Raitten lehen diskoetako kantu batek, I know-k, zabaltzen du New Orleanseko blues doinuan. Hortik aurrera, bluesaren aldaera zenbait aurkituko ditu entzuleak: baladak (Call it stormy Monday hilezkorra, Gee Baby, ain’t I good to you samurra), rhythm&bluesa (I ain’t got nothing but the blues, Kansas City), boogie azkar eta jostalaria (Cow Cow boogie), mezu sozialeko gospela (Why am I treated so bad) edota XX. mende hasierako blues tradizionala (Careless love).
Urteek edota taldekide berriek ez dute Stay Bluesen mamia itxuraldatu, ahosoinuaren eta pianoaren arteko elkarrizketa bizian sustengatzen da taldearen erakargarritasuna, bi jotzaile nagusien kalitate teknikoaz agerian uzten duen soinu aratz eta gardenean bildua. Paul San Martinen ahots melodiko eta leunak jazz kantarien dotorezia eransten dio, blues zaleak pozik uzteko zein pop edo jazzetik gertu dauden entzuleak erakartzeko gai den emaitza osatuz.
Taldearen izenak duela mende erdi baino gehiago idatzitako klasiko bat, Blues stay away from me, ekartzen du gogora. Ez maitasunik ez askatasunik ezagutu ez duen protagonistak tristura bere egunerokotik desagertzeko erregu egiten zuen Delmore Brothersen kantuan. Stay Blues berriz, bluesaren izpiritu indargarriari atxikitzen zaio irmo eta adoretsu, eta garaian garaiko joeren gainetik belaunaldiz belaunaldi bizirik irauteko gai izan den musika sakon eta zirraragarri honetara gerturatzeko, ezagutzeko eta gozatzeko gonbitea egiten digu.
Albisteak