Sustraiak zainen ordez
Ez da ohikoa, garai postmoderno hauetan, memoria historikoa aldarrikatzea pop musika egiteko, baina Tolosako taldea eroso sentitzen da eremu horretan, badaki balizko arriskuei itzuri egiten (besteak beste, panfletario, manikeo edota zaharkituaren estereotipoari), badaki gertutasuna eta zintzotasuna transmititzen, eta beste behin erakutsi du trebezia hori.
Aurreko diskoetako soinu gardenaren eta apaingarrien edertasunaren ordez, zikintasuna, distortsioa eta Suso Saizen gitarrak kantuaren atzealdean sorturiko atmosfera eta marmarra kosmikoak aurkituko ditugu diskoko hainbat pasartetan. Baina Bide Ertzeanen mamia, esentzia bertan da. Diskoa %100ean da Bide Ertzean. Gorakada emozionalak (Araneko iturrian, Harriak hegan), inoiz lehertzera iristen direnak (Izena), fereka akustikoak (Egun batetan), jomugan asmatzen duten melodiak (Nire aberriaz), klasiko usaina duten kantuak (Zenbat aldiz) eta power-pop pilulak (Zenbakiak, asko miresten duten talde bati egindako keinua barne, Bilatuko zaitut).
Aipamen berezia merezi du, beste behin, diseinu-lan zaindua eta ederrak, 70eko hamarkadan Euskal Herriko kaleetan zabaldutako estetikaren oroitarazle. Oraingo honetan, gainera, garaia fikzioaren bidez azaltzeko Koldo Izagirrek sortutako idazlanak eta Garbiñe Ubedaren oroitzapenezko testigantzak osatzen dute diskoa.
Albisteak