Tokian

21 martxoa, 2023

JERÓNIMO MARTIN

Tokian

ER-147

Tokian disko ausarta eta asmo handikoa da eta aldi berean, erabat engainakorra suerta daiteke. Orkesta soinuaz jositako zetazko bilgarri batetan dator eta horrek estilo ariketa atsegin bat baino ez dela pentsa arazi dezake, eta ondorioz kanpoko geruzaren azpian izkutatzen aberastasuna galtzeko arrisku handia dago. Gauza da, Jeronimo Martin pianojole bilbotarrak lehen unetik bere kartak garbi erakusten dituela, inolako konplexu edo engainurik gabe eta ez duela egungo moda edo joerekiko atxikimenduren beharrik azaltzen.

Jeronimo, diskoaren inguruan aritu izan denean, zentratze prozesu pertsonal eta izpiritual batetan sustraitzen du bere lana, bere kezka eta ikuspuntu artistikoekiko konpromezu sendo batetan, alegia. Bere gaitasun eta mugen ezagutza eta onarpen zintzoaren bitartez bere barne pultsioarekin harremanean jartzeko gai da. Eta zintzotasun hori bera da, azken batetan, disko honetako musikak iradokitzen duena eta itxura estetiko ezagunen gainetik altxarazten duena. Bere zinemaskope moduko paisaia zabaletan, bere doinu hunkigarrietan, bere jazz, soinu banda klasiko eta ganbera musikako janzkeran, nekagarri bihurtzeko arriskuarekin jokatzen du uneoro, melodrama eder bat telefilma aspergarri bilakatzen denean bezala. Baina Jeronimo eta bere lagunek oreka delikatu bat mantentzeko gai azaltzen dira beti eta gure zuntz sentiberetako bidea aurkitu eta gure arreta pizten duten tekla egokiak ukitzen ondo dakite.

Tokian aurretik, piano soilerako inprobisazio askeko hainbat proiektu burutu ditu Jerónimok  (Capturas, 2015ean eta Durango Concert 2020an) eta “versos libres” piano inprobisatu eta bandarako berak idatzitako obra estreinatu izan du ere, Bilboko Udal Bandarekin batera.

Errabal diskoetxerako grabatutako “Piedraescrita” (2006) eta “Quinoa” (2012) diskoetan hasitako sormen prozesu batetan buru belarri murgilduta jarraitzen du eta “Tokian” zentzu askoetan 2012tik gaur arte pixkanaka garatu duen borobiltzea izan daiteke. Bertan eskaintzen diren soka seikote konponketa ederrek horixe iradokitzen digute eta era berean etorkizun oparo baten atari direla suma dezakegu.

Donostiako Elkar Estudioetan 2022ko Otsaila eta Martxoko egun pare batetan dago grabatuta eta Jerónimo bera da ekoizlea. 30 musikari ezberdinek parte hartzen dute bertan soka seikote horren muinaren inguruan ekarpenak eginez. Hala nola, Iker Sanchezek zuzenduta 23 musikariez osatutako Arteus Orquesta eta Jerónimorekin batera aritzen den sekzio erritmikoa, Alejandro San Pelayo asturiarra kontrabaxuan, eta Aitor Bravo arabar gaztea baterian eta haizezko instrumentuetan, Jorge Vistel kubatarra tronpetan, Ruben Gonzalez bizkaitarra saxo tenore eta flautan eta Gonzalo Fernandez de Larrinoa gasteiztarra tronboian.

Jerónimok konposatu eta konpondutako 7 pieza ditugu guztira; aniztasun koloretsuzkoak, une batzuetan musika progresibo kutsuko konplexutasunez eraikiak eta horren gainetik, pozaz beteriko ausardiaz aurkeztuak. Zintzotasun, konpromezu eta bisio garbiaz sortuak. Ederrak eta sakonki hunkigarriak.

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com