TXUMA MURUGARREN: disko berria martxan
Hiru urte dira Sasoi Ilunak taldeko kantari ohiak ez duela diskorik plazaratzen. Tarte honetan izan du aukera kontzertuak eskaintzeko, beste artista batzuekin lan konpartituak egiteko, baita Mirande Cabaret moduko ikuskuzinetan parte hartzeko eta, nola ez, kantu berriak konposatzeko.
Aste honetan sartuko da Mungiako Lamina estudioan bere bakarkako seigarren diskoa grabatzeko
Txuma Murugarren (Errenteria, Gipuzkoa, 1964) Sasoi Ilunak taldeko abeslari, gitarrista eta kantuen hitzen egilea izan zen 90eko hamarkadan. Hiru disko grabatu zituen taldeak: Sasoi Ilunak (Oihuka, 1991), Herri xumeak (Oihuka, 1993) eta Harakina (Oihuka, 1998). Azken diskoaren aurkezpen kontzertuen ondorengo geldiunea baliatu zuen Murugarrenek bakarkako ibilbideari ekiteko. Nere leihoak (Oihuka, 2000) grabatu zuen lehenengo, eta ondotik beste lau disko etorri ziren: Hegazkinen arima (Gaztelupeko Hotsak, 2002), Gauak, neskak eta maletak (GH, 2003), Nire anaiaren kotxeko argiak (GH, 2004) eta Marjinalia (GH, 2007). Azken bi diskoen arteko tarte horretan ez da geldirik egon Murugarren. Lauaxetaren omenezko Ehungarrenean hamaika (GH, 2005) lan kolektiboan parte hartu ondoren, Rafa Rueda eta Pettirekin partekatutako disko bat kaleratu du, Hauxe (GH, 2006), eta Larrialdietako irteera liburua (Paper Hotsak, 2006) argitaratu du, ostegunero Berria egunkarian idatzitako artikuluen bilduma. Halaber, Mathilde maitatzeko modukoak literatur eta musika ikuskizuna ondu zuen Julen Gabiria idazlearekin. Marjinalia (GH, 2007), bere bosgarren lana, orain arteko bilakaera horren sintesi gisa uler daiteke, bertan batzen baitira giro ilun eta dekadenteen zalea den Murugarren, kabareteko eta Europako ekialdeko ijitoen musikak liluraturikoa ,pop kantu egile petoa, gitarra eta ahots soilarekin hunkitzea lortzen duen kantaria…
Albisteak