Ura Patrikan

20 urtarrila, 2014

Maite Larburu eta Josh Cheatham dira talde honetako partaideak. Euskalduna da Larburu, eta estatubatuarra Cheatham, baina Amsterdam hirian bizi dira. Bere ibilbide profesionalean biolin jotzailea da Larburu; viola da gamba eta kontrabaxua jotzen ditu Cheathamek-, eta geroztik, antzinako musika klasikoan, XVII. eta XVIII. mendeetako musika barrokoan eta ganbara musikan nabarmendu dira biak ala biak. Besteak beste, De Nederlandse Bachvereniging, Amsterdam Baroque Orchestra, Anima Eterna, Orquesta Barroca de Sevilla eta Holland Baroque Society orkestretan parte hartu du Larburuk -hain zuzen, Donostiako Zinemaldian estreinatu berri den Asier Altunaren Zela Trovke film laburrean ikusi ahal dugu Holland Baroque Society orkestrarekin XI. mendeko kanta eslovakiar bat interpretatzen-. Cheathamen curriculumean berriz, Capriccio Stravagante Orchestra, Netherland’s Bach Society, Chanticleer for Teldec eta beste hainbat izen agertzen dira.

 

Disko honetan entzuten den musika ordea, arrunt bestelakoa da. Ahotsa eta gitarra oinarri dituen kantu sorta bat eskaintzen digute Ura patrikan honetan. Folk, blues, jazz, Brasilgo musika eta kantu tradizionaletik hartzen duen herri kantagintza da. Larburuk sortu ditu abestiak eta haien garapen musikalaz arduratu da Cheatham; gitarra arpegiatuaz gain, mendebaldeko musika herrikoian ezohikoak diren tresnak erabili ditu horretarako, esaterako, shakuhachi-a (Japoniako flauta), sarangi-a (Indiako instrumentua) edota shruti box-a (honek ere Indian du jatorria).

Lehen diskoa izanik, kantuetan halako naturaltasuna, askatasuna eta nortasuna jasotzeko bikoteak azaltzen duen gaitasuna. Influentziak hor daude, ordea. Euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz abesturiko 14 kantu iradokitzaile hauetan, besteak beste, Leonard Cohen, Joni Mitchel edota Astrud Gilbertoren arrastoak suma ditzakegu. Haatik, beharbada indar hipnotiko handia duten konposizioetan azaleratzen da argien Neighborren berezitasuna eta ausardia. Bi lagun hauen auzo hau ez da batere leku txarra bertan bizitzen geratzeko.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com