Zaharrak berri eta zirraragarri

5 uztaila, 2019

Itziarko herria, bere festak eta bereziki orduko gazteek
orain dela 40 urte sortu zuten “txaranga” da disko honen eragilea. Txankarta soinujolerekin batera bonboa,
txapak , turutak, danborra, pandero eta abar jotzen zituzten kaleak alaituz,
eta urte guzti hauetan makina bat musikari pasa da bertatik. Haien artean,
Alejandro eta Jon, eta lehena bonbotik dultzainara pasatzean bien arteko elkar
ulertzea sumatuz, jarraipena ematea erabaki zuten bikote moduan. Urte hauetan
errepertorio zabala osatu dute. Baina Itziarko jendeak aski ikusiak dituen
arren, Itziartik kanpo jo dutenean, bi instrumentu hauen konbinaketak harridura
sortzen du sarritan. Hori dela eta, grabaketa honetan emaitza bitxi eta
erakargarri honen lagin bat utzi nahi izan digute.

Gauza da, garai batetan, elkarketa hau ez zela batere arraroa
eta berez, soinu txikia euskal doinu eta erromerien protagonista bilakatu zen
unean dultzainaren errepertorioaren pieza asko bereganatu zituela. Diskoarekin
batera argitaratzen den liburuxkan Juan Mari Beltranek azaltzen duen moduan,
filarmonika, akordeoi, soinu-txiki edo trikitixa izenez ezagutzen dugun
instrumentu hau XX. mende hasieran kanpotik iritsi arren, berehala bilakatu zen
gure nortasun musikalaren ordezkari nagusietako bat. Arrakasta izugarri honen
arrazoien artean garai hartako modako kantu eta dantza doinuetara eta aldi
berean, aurreko herri soinulariek (dultzaineroak barne) erromerietara eramaten
zuten errepertorio tradiziora ezin hobeto moldatzen zela da, eta zentzu
horretan, herri musika zahar horren gordailu bilakatu ahal izan zen.

Baina doinu haietako asko dultzainarako sortuak ziren hasera
batetan eta, halako trantsizio epe batez behintzat, dultzainaz jotzen zituzten
aspaldiko festetan. Horrela, aski ezagunak izan ziren dultzainero-soinulari bikoteak Gipuzkoako hainbat herritan. Orain
disko honi esker dultzainaren alderdi “ezkutu” hori aurkitzeko aukera
eskaintzen digute Jon eta Alejandrok. Itziarko txaranga, jaiak eta herri bera
omenduz, Aitor Zubikarai, Ander Zulaika eta Joxe Salegi “Lizarreta” itziartarrak izan dira hitzen
egileak eta “Auzo udalari” azken kantuan herriak bere buruaren inguruko
erabakiak hartzeko duen eskubidea aldarrikatu dute. Herri doinu, herri kultura,
herri nortasuna, atzoko eta gaurkoa, zahar eta indarberritua, zirraragarri
berriz ere.

—————————————

 

Jon
Ostolaza
Usurbilen bizi den Debarra. Umetan hasi zen soinu-txikia
ikasten eta berehala izan zuen plazetan jotzeko aukera. Hainbat txapelketa eta
jaialditan parte hartua, Faborez 1
eta Lasturbidean diskoak argitaratu
ditu. Erromeriak eskaintzen ibiltzen da herriz herri.

 

Alejandro
Irizar
Donostian bizi den Ormaiztegiarra. Instrumentu bat
ikasteko sekula berandu ez denaren adibide garbia dugu. 50 urte bete zituen
egunean dultzaina bat oparitu zioten etxekoek eta buru belarri hasi zen
ikasten.

Jon eta Alejandro Itziarko festetan ezagutu zuten elkar.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com