Zaharregia, txikiegia agian emanaldia izango da ikusgai Aihotz Plazan

4 uztaila, 2003


GASTEIZ

New Yorkera “Bitartean heldu eskutik” bidaiatu zuen ikuskizunean oinarrituta Gasteizera helduko da datorren larunbatean “Zaharregia, txikiegia agian” emanaldia. Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Urdangarinen musikariekin Kirmen Uribe poetaren testuak izango dira entzungai, 23.00etatik aurrera, Aihotz Plazan. Emanaldia berezia izango da bi arrazoirengatik: lehena, poesiari eta musikari irudiak gehituko zaizkio Natxo Rodriguez artistaren ardurapean; bigarrena, berriz, ikuskizuna Gasteizko parte zaharreko jaien egitarauaren barne egoteaz gain, Berria egunkariaren alde antolatu dutelako. «New Yorkeko emanaldia Egunkariari esker sortu zen nolabait. Bertako irakasle batek gonbidatu gintuen hara, nik Egunkarian idazten nituen artikuluak interneten irakurtzen zituelako», azaldu zuen Kirmen Uribek.

“Zaharregia, txikiegia agian” ikuskizunaren izenburua euskararen egoerari erreferentzia egiten dion poema batetik sortutakoa da. Gasteizen izango den emanaldi berezi horretan musika eta hitzak Rodriguez Fundazioaren ikus-entzunezko lanarekin jantziko dira. «Proposamena oso erakargarria iruditu zitzaidan. Nola moldatu irudiak musikara eta hitzetara?- aipatu zuen Natxo Rodriguezek-. Egin duguna ez da bideo figuratibo edo narratiboa, baizik eta zerbait berria eta esperimentala, guztiz. Ez da enlataturiko bideoa, gordinean prestaturikoa baizik, hots, zuzenean arituko den bideojockeyaren esku dagoena». Natxo Rodriguezen antolakuntzapean antolatua, Ibon Saez de Olazagoitia izango da bideoen arduraduna, eta Cristina Arrazola-Oñate bideoen edizioan arituko da. Kirmenen hitzetan emanaldi horretan, «hainbat istorio kontatu nahi izan dugu, norabide askoko ikuskizuna baita». Aipatu zutenez, “Zaharregia, txikiegia agian”en lehen emanaldia izango denez, bideoz grabatuko dute.


Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com