Zinema zuri beltza eta rock indartsua

10 maiatza, 2013

Zerk batzen ditu Pulp Fiction, Oldboy, Touch of Evil, The Big Sleep, Naked City, Sunset Boulevard eta The Man Who Shot Liberty Valance, zinemaren historiako maisulanak izateaz aparte? Galdera Norman taldeko kideei egin beharko genieke, film horietako pertsonaiak adoptatu eta euren kantuetan berriz biziarazi baitituzte. Nolanahi ere, Eibar-Ondarroako laukotearen bigarren diskoan aurkitu dezakegunari buruzko arrastoren bat ematen digu filmen hautaketak. Tentsioa, iluntasuna, ilunabarreko malenkonia, basakeria eta, jakina, psikosi dosi handi bat jaso ditu Norman-ek Perkins diskoan (izenburuan, Hitchcocken Psycho filmarekiko loturari eusten dio taldeak, izan ere, film horretan Anthony Perkinsek jokatutako Norman Bates pertsonaia nagusiari hartutakoa baita taldearen izena).

Abiadura handiz irekitzen du diskoa Naked City-k, diskoko piezarik bat-batekoenak, zuzenean lepoan kosk eginez; Asphalt Jungle-k, baxu lerro errepikakorra eta gitarra riff obsesiboa direla medio, The Make-Up bezalako taldeen zeremonia katartikoak ekartzen ditu gogora; Esmarelda-k zurrunbilo frenetiko batean murgiltzen gaitu, giro eskizoide eta tarteka death metal-era jauzi egiten duen ahotsarekin; beste horrenbeste esan daiteke O-Daesu zorabiagarriari buruz. Marlowe stoner eta 70eko hamarkadako psikodeliaren eremuan kokatzen da; Pilgrim-ek western aire epikoa du eta gitarrak marraztutako melodiak berehala harrapatzen gaitu; eta Norman Desmon-i iragan ederraren nostalgia dario.

 

Albisteak

Artikulu gehiago

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com