2002. urte amaieran Joe Strummer bat-batean zendu ostean, Richard Dudanskyk lagun handiaren omenez bi kontzertu antolatu zituen Londresen eta Granadan. The 101’erseko taldekideak berriz bildu zituen, eta Strummerren lekua bete nahi zuen galdetu zion Tom Lardneri. Emanaldi haiek are gehiago hauspotu zuten elkarrekin musika sortzeko, zerbait rockeroagoa, Tomek eta Richardek aurretik zuten gogoa, eta El Doghouseren sorrera ekarri zuten 2004an. The 101’ers diskoa argitaratzeko Joek eta Richardek sortutako Andalucia Records zigiluan kaleratu zen El Doghouseren estraineko diskoa, In heat(2005), zeinak rock gihartsua, bluesa eta punka biltzen zituen modu premiazko batez. 2008ko uda ostean Howl kaleratu dute. Ez da ohiko rock disko bat, gutxi baitira horrenbeste estilo biltzen dituen lan bat topatzea: garage, punk-rock, psikodelia, folk, reggae, funk, blues, rock&roll… Urratu egiten du, eta laztandu; zainetan sentitu daiteke behetik goraka, bihotz-zuloetan ate joka.