Malatu

Gasteizen eta Leintz-Gatzagan 2005. urtean sorturiko taldea da Malatu, eta taldekideen artean ibilbide luzeko musikariak daude, aski ezagunak. Alberto eta Nando de la Casa anaiak esaterako, Ruper Ordorikaren Mugalaris taldean hainbat urtez aritutakoak dira. Iñaxio Gabilondo (ahotsa eta harmonika), Mikel Garcia (gitarra eta doinu gehienen egilea), Txefe Ferroni (saxofoia), Laura Ortega (pianoa eta ahotsa) eta Luisja R. Barron (perkusioa) dira gainontzeko taldekideak. Potato, Altxemi Trio, Gasteiz Big Band, Anastua Jazz Perku Band, La Mujer Barbuda… eta beste hainbat taldetan parte hartutako musikari trebeak dira denak.

Malaturen musikak leku baten oihartzuna dakarkigu, edo bestela esanda, irudimenak asmaturiko toki urrun eta ezezagun batera eraman gaitzake, demagun, ozeanoren batean galdutako uharte txiki batera, edo arrantzatik bizi den herrixka batera… Eta erraz imajina dezakegu Malaturen kantuek hango biztanleei buruz hitz egiten digutela, haien bizitzaz, haien bizipoz, itxaropen eta tristuraz. Cabo Verde, New Orleans, Habana, Cadiz edota Lekeitio gogora  ekartzen digute Malaturen doinu fin eta leunek, itsaskirria bezain ferekagarriek,  saudadeaz eta bizigogoaz blai dauden doinuek.

Entzun: Sugea kantoietan.
mp3

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com