Agortu barik sortzeko gaitasuna eta ustekabearen ahala duten musikarien multzokoa dugu Raúl Sainz de Rozas, ortodoxiaren eta eklektizismoaren erdibidean. Sortzaile poliedrikoa da, bere ibilbide luzean eragin eta sentsibilitate ugariz elikatzen jakin duena.
Bilbon jaioa, Raúl Sainz de Rozasek goi mailako ikasketak egin zituen Bilboko Juan Crisostomo de Arriaga Goi Mailako Musika Kontserbatorioan gitarra klasikoan, eta jazz-arloko prestakuntza Joe Pass, Carlos Gonçalvez eta Kurt Rosenwinkle gitarrajolekin osatu zuen. Karrera luzea egin zuen irakaskuntzaren esparruan Donostiako Musikene Goi Mailako Kontserbatorioan eta Getxoko Andrés Isasi Musika Eskolan, eta horrez gain, bere ibilbide profesionalari esker, artista askorekin kolaboratu du, proiektu ugaritan parte hartuz, Infussion, Organizing, Didi Jazz eta Malú Quartet besteak beste.
Maisua zera da, ikastera hurbiltzen zaionaren irudimen sortzailean marka txiki ezabaezinak uzteko gai dena. Bere aztarna emandakoan erretiratzen dakiena, sortzaile berriak bere formak eta moduak aurkitu ahal izan ditzan lehenago susmatu gabeko paisaietan. Bikaintasunerako bidaia amaigabe horretan bere aurrekoak ohoratzen dituena da Maisua.