Xabi ta Petti

Donostiako Señor No taldeko abeslari eta gitarrista da Xabi, eta horren aurretik La Perrerako partaide izan zen. Talde hori funtsezkoa izan zen Buenawista Sound izenez ezagututako mugimendua loratu zedin. Hainbat disko grabatu ditu Señor Nok, horietako bat (Got Me a Hot One!, Bloody Hotsak, 2009) Roy Loneyrekin, Flamin’ Groovies taldeko kide ohiarekin. Horrez gain, garai batean, Xabik eta Javier Sunek Las Brujas bikote akustikoa osatu zuten.
Petti ahots sakoneko blues, folk eta rock bakarlaria dugu, eta dagoeneko bospasei diskok osatutako ibilbide oparoa du; baina beti azaldu da beste musikariekin kolaboratzeko prest: horren lekuko dira Barrence Whitfield, Anari, Txuma Murugarren eta Rafa Ruedarekin grabatutako diskoak, Terry Lee Hale kantariarekin egindako bira, Xabier Leteren omenezko kontzertuetan izandako parte-hartzea…
Disko hau grabatu aurretik, Xabik eta Pettik kontzertu ugari eman dituzte taberna eta areto txikietan –aurten Andoaingo Jaialdian emandakoaren salbuespenarekin, Chris Casello Trio, Johnny Powers, The New Christs, Davila 666 eta Sue Morenorekin aritu baitziren-; kontzertu akustiko eta gordinak izaten dira, baina biziak, beroak eta elektrizitatez beterikoak, zeinetan beren gustuko kantarien abestiak aletzen dituzten: hala Ray Charles, David Bowie, Rory Gallagher, Beatles eta Jimi Hendrixenak nola Big Sandy, Chris Cacavas, Deke Dickerson, Bill Kirchen eta beste musikari garaikiderenak.
Horietako batzuk disko honetan jaso dituzte Xabik eta Pettik, musikari talde zabal baten laguntzaz: Ultracuerpos taldeko Mikelini (kontrabaxua) eta Kiko (gitarra), Rafa Aceves (pianoa), Jose Martinez (bateria), Oscar de la O (kaxoia), L. M. Moreno ‘Pirata’ (saxofoia) eta Chris Casello (steel guitar), besteak beste. Freddie King-en Hideaway blues klasiko instrumentalak irekitzen du diskoa, giroa berotzen hasteko. Ondoren datoz I Never Cared for You (Willie Nelson), kutsu latinoko bertsioan emana, eta Baby it’s you, Beatlesek eta The Shirelles-ek ospetsu egin zuten kantua, biak formatu akustikoan eta Xabik abestuak. Pettik sortu du diskoko jatorrizko kantu bakarra, Satorra soul-blues balada beroa, eta Chris Casello steel gitarristak parte-hartu du kantu horren grabazioan.
Rhythm & blues-aren klasiko batek zabaltzen du B aldea: I Got a Woman (Ray Charles), Rafa Aceves pianistaren protagonismoarekin. Xabik eta Pettik txandaka abestu dute Díselo, Andre Williams ahantziaren kantu baten bertsio dibertigarria, eta rock & roll-era jo  du bikoteak Mr. Jones (John D. Loudermilk) moldatzerakoan. Amaitzeko, Steve Marriotten (Small Faces) Every Mother’s Son euskarara ekarri dute, Amaren semea, eta Xabik abestu du.
Lagun arteko diskoa egin dute Xabi ta Pettik, eurak eta entzuleak ondo pasatzeko helburu behinenarekin egindakoa.
 
 
Entzun: Satorra
mp3

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com