“Nahi
duzunean, elkarrekin edango dugun hori izango da, mundu honetako, planeta
osoko, unibertsoko… ardorik onena.” Morau
Ardoari gorazarre
eginez, madarikatuz edo bere eraginaren pean idatzi eta kantatutako doinuak
milaka izango direla ziur gara, baina lehen hitzetik azkenera, izenburu eta
barneko liburuxkako marrazkietan, zuku gorriaren lilurari guztiz eskaini
zaizkion diskorik edo hobe esan, disko libururik (12 kantu, 50 poema eta 24
ilustrazio baitira guztira “artefaktua”
osatzen dutenak) nekez gogoratzen dugu. Are gutxiago, Morauren sentsibilitate
xarmagarriaz edabe magikoaren alderdi guztiak hain modu ederrean azaldu dutenak.
Plazerrak, jakinahiak, eta, batez ere, zaletasunak eskutik hartuta eginda daude
abesti denak Morauren esanetan, eta hitzez hitz, notaz nota, doinuen zirrikitu
guztiak blaitzen dituela eta era berean, geu entzuleok blaitzen (eta pittin bat
mozkortzen) gaituela esan daiteke.
Andoni “Morau” Tolosak, Jonatahn Richman edota Billy Bragg moduko
sortzaileen modura, kostunbrismoz jositako bineta musikal txiki, hunkigarri
bezain zorrotz eta dotoreak sortzeko gaitasun paregabea erakutsi du beti. 90eko
hamarkadan, pare bat maketa grabatu eta ia urtebetez Xabier Montoia
abeslariarekin (Hertzainak, M-ak) taberna eta areto txikietan kontzertuak
ematen hasi zenetik perlaz betetako diskografia bikaina eskaini digu bidean.
“Morau” (Gaztelupeko Hotsak, 1996) edo Kantu galduak EP akustikoan (Gaztelupeko
Hotsak, 1998) doinu eta hitzen ateko oreka goxo, intimo eta aldiberean sozial
horren moldea ezarri eta kolaboratzaile ezberdinen laguntzaz zabaltzen eta
koloretzen joan da urte guzi hauetan. Hala nola, “Amodio Domestikoak”,
Txukalda”, “Kalamidadiak” edota autoekoiztutako azken “Arrainentzako Himnoak”
eta “Egunsentiak alperrentzat” lanetan
Joseba Tapia, Ñaco Goñi, Petti, Joxi Ubeda, Beñardo Goietxe, Maite
Arroitajauregi, Jose Afonso musikari apartak aurki ditzazkegu. Bere abestien
itxurazko xinpletasunaren atzean folk,
power pop, country edota bossa nova-ko aztarna zoliak fintasun zoragarriz
barreiatu izan ditu eta “Ardo”
aberastasun guzi horren destilazio fina dela esan genezake.
Azkenaldi
honetan, Beñardo Goietxe (Noise Hole,
Mugalariak…) gitarra jole eta abeslari beratar paregabea izan da bere kolaboratzaile
ohikoena, eta bikote moduan sinatu izan dituzte bai grabaketak baita emanaldiak
ere. “Ardo” diskoan Beñardo da
musikari nagusia ere, abestien biluztasun hunkigarriari ekarpen lauso
aberasgarriak eginez beti. Diskoaren estetika eta kontzeptua bat eginez beste
aspaldiko kolaboratzaile bat dugu; Iñaki Martiarena Otxotorena, Mattin, komikigilea hain zuzen ere.
Bereak baititugu liburuxka eta azalaren protagonista diren marrazki eder guziak.
Hitz guztiak Andoni Tolosarenak dira, Gorka
Erostarberen “Sagar Erdiak” ezik, eta Morau eta Beñardoz gain Raul Garziaren harmonika eta “Sagar
Erdiak” kantuan Peio Gorrotxategiren
teklatuak hornituta dator 2022an azken honek grabatua eta Jonan Ordorikak masterizatutako grabaketa bikain hau.
Kopa altxatu, ospatu eta gozatzeko unea da. Ardoaren
inspirazio betierekoa eta artista talde aparta honek eskaintzen digun
kontakizun eta bizipen bilduma zoragarri honek, sarritan geuk bizi eta
sentitutakoak gogoratu eta berpizten bait dizkigu. Topa!
tolosaandoni@gmail.com 688857344