“Zerotik hasten” abestian, lainoetan bihotzak ikustea proposatzen digu Igor Arzuagak, bere ohiko letra gazi-gozo, gordin eta eder horietako batetan. Eta ohi duenez ere, zerotik berriz hasi eta bere egitura musikala berrasmatzera ausartu zaigu berriz ere. Laino grisen monotonia aspergarrian, bihotz bero, gorri, bizi baten inspirazio indarra aurkitzeko gai baita. Ideia horrek eragiten duen kontrastea izan da agian pauso berri hau ematera animatu duena. Bere ibilbide osoan, denetatik probatu duela esatera prest geunden honetan, inoiz baino kontraste biziagoa planteatzen baita Igorren ahotsa eta lagungarri duen instrumentazioaren artean.
Hala nola, Eider Laukotea da musikaren protagonista Nagusia oraingoan. Antonio Martinez – Abarca Baeza (Biolina I), Celia Moreno Broncano (Biolina II), Miguel López Ayerbe (Biola) eta Isabel Schlegel-ek (Biolontxeloa) osatzen dute Musikeneko aretoetan sortu eta hazitako proiektu hau, soka instrumentuen errepertorio klasiko eta egungoan arakatze eta interpretatze lan sakon batetan murgildutako gazte talde bikaina. Igor Arzuagaren ahots eta akordeoia, laukotearen ganberako soinuaren dotorezia hauskor, leunaren ferekaz janzten da abesti guztietan.
Jantzi ezberdin eta anitzak ezagutu ditugu Igor Arzuagaren ibilbide aski ezagunean, Une Latzak eta Exkixu taldeetako kide ohi, hainbat kantaria eta musikariren kolaboratzaile, eta Gaztelupeko Hotsak-en barne ere lan batzuk plazaratu ditu ere: “Mara-Mara”, “Experience” edota “Menditik jaitsi ginen” haien artean. Rock, folk, Pop, jazz, baita Kabaret estetika jorratu izan ditu disko horietan. Ez du inoiz beldurrik edo ganorarik izan bere abeste monokorde, pittin bat atonal, une batzuetan ia deseroso baina beti hipnotizatzaile hori era guztietako soinu ehunduretan murgildu arazteko. Baina, Eider Kuartetoarekin egindako lan honetan inoiz baino bortitzago egiten da kontrastea eta horrexegatik ere, inoiz baino emaitza aberatsagoak eskaintzeko gai dela esango genuke. Disko exijentea, benetako artelan eraginkorrak beti dira halakoak, ezta?