Jazz garaikidearen eta abangoardiako musikaren
esparruetan zehar askatasunez igarotzen diren ibilbide luzeko hiru musikariren batasuna
dugu h3o.
Alde batetik, Sorkunde Idigoras pianojolearen kezka artistikoa. Alberto
Lizarralderekin Jazzle sortu eta zuzendu zuen, Euskal Herriko lehen eskola jazz
eta musika garaikidean. Biok antolatu zuten Plaza izeneko festibal ezaguna, baita
Zirrara zigilua sortu ere, musika editatzeko. Arte proiektuetan burutu dituen
sorlan eta lankidetza desberdinez gain, Sorkunde Idigorasek irakaskuntzan
dihardu Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian.
Bestetik, Hasier
Oleaga bateriajoleak hainbat estilo erabili ditu jazz eszenaren erreferente
bihurtu arte, instrumentista zein sortzaile gisa. Mugalariak taldearen ohiko partaide
eta hainbat lan diskografikoren egile, Oleagak Ruper Ordorika, Iñaki Salvador
edo Mikel Andueza bezalako artistekin kolaboratu du, besteak beste.
Azkenik, Julen
Izarra saxofoijolea euskal jazzik gaurkotuenaren derrigorreko beste
erreferente bat dugu. Trizak taldeko kidea da eta ohiko laguna Organik’s, RS
Faktor, Travellin Brothers bezalako artistekin.
h3o
Freddy Pelaezek grabatu eta nahastu
zuen 2019ko azaroan bere Pottoko Studioan, Beasainen. Ekoitzi, Alberto Lizarraldek. Lan honek jazzaren
etiketaz haraindiko esperimentazioa proposatzen du hasieratik, ezustekoa etengabe
erakutsiz, edozein arau hautsiz, eta beharrezkoa izan ezkero egitura
harmonikoekin jolastuz eta arauetatik abiatuz berriro apurtzeko.
Sorkunde Idigorasek sinatzen ditu “SAD Circus” eta “S3…y 4”, eta hauxe da paradoxa:
sumatuko ez genukeenaren bila, hiru musikarien arteko harremanak sorkuntza
pertsonala bermatzen du hizkera amankomun bat daukatela oinarri.
Hasier Oleagak “Cronopio busca esperanza” sinatu du, Julio Cortázar idazle
argentinarrari egindako omenaldi txiki bat. Oleagak argi eta garbi erakusten du lan honen
espiritua, konbentzionalismoetatik edo behin eta berriz erabilitako egituretatik
beti urrun.
Ildo beretik, Julen Izarrak “Rollins” lanean Sonny Rollinsen
sormenari egindako omenaldiaz gain “Labirintoa”
proposatzen digu.
“Ezin
saihestu eta larri“n, Oleagak idatzia, Izarraren saxoak gidatzen du
sarrera Idigoras daukala pianoan, eremu ezezagunetara eramateko abia gaitezen.
Zirkulu perfektua ixteko Sorkunde Idigorasek
sinatutako hiru konposizio dasta genitzake. “Laket“, Gonzalo Tejada kontrabaxuaren lehen diskoa (“Zirrara”,
Jazzle) erreferentziatzat duen “Ziklo
1“, eta “Telmo y yo” piezaren
magia surrealistaz amaitzeko.
h3o
erakargarria da guztiz: musikariek bikain egiten dute lana, nork bere autoretza
erakusten du abestietan eta abestien txoko bakoitzean entzulea ezustekoz
asetzeko lain ageri zaigu magia.
h3o unean uneko hizkeran mintzatzen da. Unea orain, unea
arrotz, jazz abangoardista eta garaikidea, beharbada. Baina lan hau, egia esan,
hiru musikariok iragankor, bakan, ezikasiaren eta batez ere errepikaezinaren
edertasunera iristeko duten betiereko sortu-premiak ekarritako emaitza ausarta
da.