Let Go

10 

   Chris Kasek egina zeukan lehendik lan bat
Errabal Jazz-erako, My Private Circus (2013). Lan hura dena berak
bakarrik egindakoa dela esan genezake, baina honakoan laukote batean datorkizu,
Marcos Collado (gitarra), Ander Garcia (kontrabaxua) eta Miguel Benito
(bateria)  dituela lagun, hirurak ere
Madrilgo jokalekuetako lankideak eta hainbat proiektutan arituak Chrisekin.
Erran gabe doa beraz ezin egokiago harremandutako lana egin dutela, eta diskoak
ezagun du konplizitate lasaian aritu direla. Onerako, bistan denez.    

 

   Albumak Teaser dauka atari, Charlie
Parkerrek ezaguna egin zuen Star Eyes klasikoan oinarritua. Chris Kasek
soprano eta kontralto arteko mezzoan dihardu presarik gabe Marcos Colladoren
azpi harmonikoan barrena. Gainerakoan, diskoak halako oreka eredugarri bat
dauka sutsuaren (Teaser, Riff One, Puddle Jumper) eta
barnetasunaren artean (The Wishing Song, Afastado), gitarrak eta
tronpetak solas adierazkorrak egiten dizkizutela. Chris Kaseren omenaldi
pertsonalak ere ageriko zaizkizu, Ralph Towner edo duela lau urte zendutako Ken
Wheeler kolega zaharra oroituz albuma zigilatzen duen pieza hunkituan.

 

 

   Europan egiten den jazz onenean txertatzen
den lana duzu Let Go, garaian garaiko joeretatik haratagokoa: Chris
Kasek eman egiten dizu bere kolkotik apal bezain eskuzabal, eta eraman
zaitzala
erabakiko duzu.

Disko mota: CD
Argitaratze data: 2018/01/31
Artista bereko diskak
Saskira gehitu
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com