TRACKLIST A- Dreaming of My Baby Tonight (Paul San Martin) B- Someday (You´ll Want Me) (Smiley Lewis) Lost Without You (Peter Chatman)
Paul San Martin pianoaren birtuoso nabarmena izateaz haratago doan artista dugu. Ipar Amerikako musikarekiko zaletasuna erakutsi duen artista izan da orain arteko ibilbidean. Pianista, abeslari, konpositore eta blues tradizioaren ezagutzaile sakona, bere bilakaera artistikoa jazz, rock and roll, gospel edo Rythm and Bluesetik hasi eta American Songbook katalogoaren azken ertzeraino iristen den eragin sorta handiaren emaitza dugu. Hamabost urte zituen ezkero, artista ugarirekin eta proiektu askotan trebatu zen pianista donostiar hau. Stay Blues bandatik igaro zen, Triz3ps, Soulbros, The Romanticos edo Mojo Hand taldeekin kolaboratu zuen, agertoki bera zanpatu zuen Lluis Coloma, Nico Wayne Toussaint edo Billy Boy Arnold bezalako artistekin.
Victor Sanchezek Donostiako Elkar estudioetan grabatutako bosgarren lan diskografiko honek aurreko lanetan oparitu zizkigun kalitate mailako kuotei eusten die (Tracks, Paul, Moods, Paul & Romain Single eta A French Session), ohi bezala dauzkala Abdell B. Bop kontrabaxuan, Romain Gratalon baterian eta The Broken Horns metalen sailean (Ion Celestino tronpeta, Pablo Maza saxo tenorea, Javier Jaukikoa tronboia). Pianojole eta kantari donostiarraren nortasun artistikoak Ipar Amerikako musika-tradizioaren zati handi bat hiru abestitan laburbiltzen duen EPa dugu hau, gainerako taldekideekin ezin hobeto konbinatzen duela. New Orleanseko tradiziorik garbienean sortua da berak sinatutako Dreaming of My Baby konposizioa, bertan The Broken Horns taldearen lana eta Paulen beraren ahots-interpretazio aparta nabarmendu behar direla. Lanaren B aldea Someday estandarrakekin hasten da, Smiling Lewis Louisianako musikari eta musikagileak idatzia. Amaitzeko, blues pianoaren beste erreferente baten pieza, antzinako Memphis Slimen klasikoarena.