Norma Jeane Baker

10 

 

Bitxia da. 

Azkenean, buru gisa agertzen naizen baina nire gaiak ez baizik eta 40. eta 50. urteetakoak biltzen dituen proiektu diskografiko hau izan da, niretzat bederen, inoizko diskorik pertsonalena.

Nire aurreko lanetan, Ziklo1 (1994), En tránsito (2000) eta Encore (2005), batik bat neuk edo nire taldekideek ondutako gaiek osatzen zuten errepertorioa, eta ez genien arreta berezirik eskaintzen standard esaten zaien gaiei.

Berrogeita hamar urte baino gehiago duten gaiak bildu arren –bi baizik ez dira berriak–, zalantzarik gabe Marilyn da CD hau hain gertu, hain neure, sentiarazten didan arrazoi bakarra.

Marilynek beti liluratzen nau. Nolabait esateko, hura ezagutu baino lehen nintzenaz beste sentiarazten dit.

Marilyn gogoan hartzen dudan bakoitzean ikusten dut hura Niágara filmean. Soineko arrosarekin, ile-adats hori paregabearekin, belarritako urreztatuekin… Kiss gaia xuxurlatuz.

Ezinezkoa gertatuko zen proiektu hau aurrera eramatea lagun-min eta musikari handi Mikel Anduezaren laguntza ezin baliotsuagorik gabe, klarinetea eta saxo altu, tenor eta sopranoa jotzen baititu hainbat gaitan, eta Roger Mas piano-jole betiere lirikoaren eta Iago Fernandez bateria jotzaile gazte eta bikainaren ekarrien gabe.

Egia da betiere zaila dela 50 urte baino gehiago duten abesti arrakastatsuekin errepertorio bat osatzea. Areago diskoak abeslaririk ez badu. Horrexegatik erabaki nuen harizko musika tresnen sekzio handi hau gurera biltzea, 50. urteetako musika betiere iheskor horrekiko konexioa errazteko.

Izan ere, dagoeneko joana den garai bateko giroa sorberritu besterik ez nuen nahi, hori bai, egungo ikuspegitik sorberritu. Baina, hobe pentsatzen ari naizen honetan, agian helburu lausoagoa nuen: nostalgia bat sorberritzeko ahaleginak egitea; dagoeneko betikoz galdua den zerbaiten nostalgia sorberritzeko saioak egitea.

Zuen gustukoa izatea espero dut.

Gonzalo Tejada

2014ko urria

Disko mota: CD
Argitaratze data: 2014/10/22
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com