Paul´s Mood

10 

Tracks diskoarekin (Gaztelupeko Hotsak, 2011) egin zuen bakarkako estreinaldia San Martinek. New Orleans hiriko doinuei egindako omenalditzat har zitekeen disko hura, zeinean, blues, rhythm & blues, boogie, jazz, gospel eta calypsoko pieza klasikoak bildu zituen, baita berak sortutako ale bat ere. Antzeko ildoari heldu dio Paul’s Mood lan berrian ere. Berriz ere pianoaren laguntza bakarrarekin azaldu zaigu, hainbat egile handiren blues, jazz, boogie eta gospel kantuak berregiteko. Eta garbi geratu zaigu, 14 pieza gozagarri hauek entzun ostean, pianoan gero eta maisuago eta ahotsean gero eta seguruago ari dela Paul San Martin.

 

Hamalau kantuak, Paul San Martinen arabera

 

‘Paul’s Mood’. Mood hitzak umorea adierazten du ingelesez, aldartea. Bada, nirea uzten dut agerian hemen. Thelonious eta bere Monk’s Mood-etik hartu nuen hitza. Lehenengoa izatea nahi nuen, obertura baten modura. Gainera, neuk ondua da diskoari izena ematen dion pieza hau. Teddy Wilsonen ildotik, blues sofistikatu bat egin nahi nuen.

 

‘Skid Row’. Beti gustatu izan zaizkit country moldeko baladak. Jerry Lee Lewisen errepertorioan hain ezaguna ez den kanta honek bere lekua du nire soinu bandan.

 

‘Jelly Roll Blues’. New Orleanseko hasierako jazz eta piano tradizioan funtsezko irudirik baldin badago, hori Jelly Roll Morton da inolako zalantzarik gabe, bere burua aurkezteko unean zioen bezala, jazzaren asmatzailea baitzen bera. Haren jatorrizko bluesa duzu honako hau, 1905ean egina. 

 

‘I Keep On Drinking’. Chicagoko bluesean lehen mailako piano jotzailea den Barrelhouse Chuck-i Little Brother Montgomery handiaren “blues auto-suntsitzaile” eder hau abesten entzun nionean, liluraturik geratu nintzen berehala. Chicagoko bere etxean ezagutu nuen Chuck, eta txera eta mira handiz hitz egiten du Little Brotherri buruz, bere aholkulari izateaz gainera aitatzat baitu.

 

‘Mexicali Rose’. Berriro ere Jerry Lee Lewis. Oraingoan bere esparrura eramandako hogeigarren urteetako pieza guztiz ezagunarekin. George Shearing eta Bill Evansen piano estiloko sarrera ageri da boogie woogie estilora gehiago hurbiltzen den nire bertsioaren goiburuan.

 

‘I Almost Lost My Mind’. Nire gusturako Chicagoko piano jotzaile Blind John Davisena da Ivory Joe Hunterren klasiko honen bertsiorik onena. Estilo zaharkitutzat jo daiteke, ez ordea sofistikazio faltagatik, baizik eta ezin garbiagoa delako.

 

Misery’. Memphis Slim izenaz ezagunagoa den Peter Chatman da, inolako zalantzarik gabe, nigan eragin handienetakoa izan duena, eta nire gustuenetakoa dela gaineratu behar dut. Haren estilo bakar eta ezin nahasizkoa kopiatzeko, izugarri maite dudan gai hau aukeratu dut. Slimek, gainera,  elementu asko hartzen ditu Jimmy Yancey-rengandik, esate baterako, haren baxuaren eredu guztiz berezia.

 

‘One For My Baby (One More For The Road)’. Abesti amerikar hau berriro ekarri nahi izan dut diskora. Moldatu egin dut Sinatra famatuko zuen eta lehendik, 1943an, Fred Astairek The Sky Is The Limit filmean abestuko zuen Harold Arlen musikagilearen eta Johnny Mercer hitz jartzailearen kanta hilezkor hau.

 

‘Down The Road Apiece’. “Boogieología”, Don Raye musikagilearen eta Freddy Slack eta Amos Milburn piano jotzaileen eskutik. Biek ala biek “Down The Rood” kantuaren bertsio handi bana egin zuten.

 

School Days On My Mind’. Sunnyland Slimenarekin bat egiten du Barrelhouse Chucken estiloak, Chicagoko Floyd Jones abeslari eta gitarra jotzaileren jatorrizko bertsioan pianoa jotzen baitzuen hark.

 

‘Hallelujah I Love Her So’. Gospel generoko ereserki batean oinarrituriko Ray Charlesen konposizio hau nire aurreko diskoan, Tracks izenekoan, jasotzen zen Drown In My Own Tears” kantuaren eskutik doala esango nuke nik. Hemen behar zuen.  

 

‘Born With The Blues’. Testuak berebiziko indarra hartzen du Memphis Slimen “Slow” kantuan. Heroitzat dituen Leroy Carr , Big Bill Broonzy eta Bessie Smith aipatzen ditu Slimek. Nik Slim bera aipatzen dut.

 

‘It’s You Baby’. Sunnyland berriro ere. Hark ondutako piezen artean honakoa da nire gustukoenetakoa. Sarritan grabatu zuen bere ibilbidean zehar, baina niretzat 1964ko grabazioa da, Danimarkan egina, guztietan onena. 

 

‘Danny Boy’. Izugarri gustatzen zait “ia” irlandarra den ereserki hau. Eta Bill Evansek aho-soinuarekin egiten dituen moldaketak apartak iruditzen zaizkit. Nik elementu asko hartzen dizkiot eta gero neureak gehitzen. Haren izaera epiko eta malenkoniatsua ezin hobea zen diskoari itxiera emateko.

Disko mota: CD
Argitaratze data: 2013/11/22
Artista bereko diskak
Saskira gehitu
Saskira gehitu
Saskira gehitu
Saskira gehitu
Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com