2010ean egin zuten elkarrekin topo estreinako aldiz baina ordutik eta paraleloan etengabeko ekimen musikal ezberdinetan aritu izan dira, proiektu berberean inoiz ez kointzidituz. 2022 arte itxoin behar izan dugu hiruron artean ematen den magia berezi horretaz gozatu ahal izateko. Pena merezi izan duela ez dago ukatzerik, egia esan.
Luismi Segurado-k (Salamanca, 1986) 2014ean amaitu zituen bere piano ikasketak Musikenen. Bertan, Francesc Capella, Javier Juanco, Joaquín Chacón edo Bob Sans moduko irakasleak izan zituen eta oholtzaren gainean era guztietako artisten aritu izan da urte hauetan; haien artean Jorge Rossy, Masa Kamaguchi, Bob Reynolds (Snarky Puppy), Chris Kase edo Andrzej Olejniczak direlarik. Hortaz gain hirukote eta boskote lider moduan Tritones y Serendipia (Fresh Sound New Talent, 2017), Hocicology. Feat. Jorge Rossy (Fresh Sound New Talent, 2019); eta Bud in Green (The Changes, 2022), diskoak plazaratu ditu. Dario Guibert, Prins Claus Conservatory eskolak emandako “Cum Laude” Jazz Master baten jabe eta Alcala de Henares-ek Musika Kontserbatorio Profesionalaren “Kontrabaxu klasiko” diplomaduna dugu bere aldetik. Matt Savage, Joe Lock, Matt Wilson, Adam Nussbaum, Philip Harper, Adam Kolker, Tim Armacost, Gene Jackson, Wycliffe Gordon, Ari Hoenig, Zack O’Farrill, Rachel Therrien, Albert Marqués, Tina Raymond, Gabriel Chakarji edo Leo Minax-en ondoan aritu izan da bere ibilbide profesional oparoan. Mikel Urretagoiena bateria-Jazz interpretaziorako titulu eta masterraren jabe da eta zortzi urteko esperientzia du irakaskuntzan. Bere akademia zuzentzen du eta Machetazo talde bikainaren partaide da.
Trezz, lau hizki, hitz xinplea. Tres, hiru, taldeko partaide kopura bezala eta horrenbeste maite duten jazz-aren “zz” horrek bat egiten dute hitz bakar batetan, nolabait ezaguna eta era berean milaka interpretazio berri eta ezberdinei irekia. Halakoxea baita disko aparta hau eskaintzen diguten Luismi Segurado piano jolea, Dario Guibert kontrabaxu jolea eta Mikel Urretagoiena bateriak osatzen duten talde honen izaera berezia. Trezz, hiru partaideen gustu, gogoeta eta kuriostasunaren elkartze gunea bilakatu da. Jazz musika dute ardatz baina haratago begira eta hip-hop, rock edota tangoaren bidezidorretan galtzeko prest dira beti. Lusimiren pianoari darion nota emari garden eta bukaezin horren gidaritzapean, Dario eta Mikelek jakituriaz beteriko egitura erritmikoa sendo eta erosoa eskaintzen dute ñabardura txikienei erreparatuz beti. Apartekoa da hiruron artean erakusten duten sinkronia; su baxuan eta urteen poderioz Musikeneko Goi Kontserbatorioko ikasgelatan hazi den adiskidetasun sakon baten seinale.
Ohiko aurkezpen eta datuak beharrezkoak diren arren, soberan dira hemen, horrenbesteko errespetu, maitasun eta kontu fin erakutsi eta hain musika delikatu eta ederra eskaintzen duen talde baten aurrean. Plazeraz gozatzea tokatzen da, ez esan ezetz.