Dani Artetxe gitarra joleak Silvio Rodriguez paregabearen musikaz sentitzen duen maitasun eta mirespenean datza “Yo muero como viví” honen sustraia. Are gehiago, lilura horren barna egin eta imitazio moduko ohiko omenalditik haratago joateko nahia da guzi honen motorea. Bere ahotsez eta bereziki bere gitarra zoragarriaz baliaturik bertsio guztiz pertsonalak eraikitzen ditu hemen Danik, su motelean eta mimo handienez landuak, hilabetez etengabe entseiatu eta errepertorio egokia doitu arte. Iruñeako Goi Kontserbatorioan ezagutu dituen musikari kidez inguratu da Dani Artetxe grabaketa honetarako, Bartzelonako ESMUC-ean aritutako Jon Carranza aspaldiko laguna ezik. Bertan, Jon Urzaiz-en zuzendaritzapean eta Iruñeako “sounds of siren” estudioan grabatutako 8 doinu arkitzen ditugu.
Estiloak estilo eta kolaboratzaileak kolaboratzaile, guzi honen gainetik, energia uholde baten moduko omenaldi bizi eta indartsu baten aurrean aurkitzen gara. Daniren gitarrak aldi batzuetan bortizkeria sutsuaz eta beste batzuetan artisau baten laztan delikatuaz moldatzen ditu Silvioren doinuak, joko baten modura. Ez da ba harritzekoa, Daniren eragin musikalen artean Black Sabbath, King Gizzard and the Lizard Wizard edo Supertramp moduko erreferentzia ezberdin eta bitxiak aurkitzea. Are gehiago, haien guzien oihartzun eta aztarnak aurkitzea Daniren soinu paleta oparo eta txundigarrian. Bere proiektu kideak ez dira atzean geratzen eta korronte biziaren barna ausart jauzi egiten dute, erabat gozatuz gainera eta sinkronia harrigarriaz doinu bakoitzari dagokion zabaltasuna eta dirdira ekarriz. Mimo eta maitasuna osoz atondutako lana. Bai Silvioren kantuei baita jazz eta musika ororen indar betierekoari ere. Gutizia.