2022ko irailetik abendura bitartean Oiartzungo Mecca estudioetan grabatutako proposamen berri batekin dator orain Javier López Jaso. Marcelo Escrich, Mikel Andueza eta Dani Lizarraga bezalako musikari eta lagun handiez inguratuta bidaia bat bezala planteatzen digu bera. Javier beraren kantu originalekin batera, euskal tradizioaren erritmo eta melodien egokitzapen bikain eta sofistikatuak eta mitologia kutsuko kantu herrikoiak (Axuri Beltza, Txoria txori) aurki ditzakegu bertan.
Inmarcesible: Markaezina. Hots, gure grina musikalak egituratzen eta elikatzen dituen eta hainbeste maite dugun jazz horren bultzada liluragarria bezain markaezina, zimelezina eta iraganezina. Une errepikaezinaren edertasun iheskorraz liluratuta etengabeko bilaketa bultzatzen eta astintzen duen hori, gutxien espero denean orduan eta ederragoa bilakatzen dena. Debozioz, saiatuki, jakinduriaz eta talentu izugarriz, Javier López Jasok urte asko daramatza bide horretan murgilduta, lare hauetatik entzun dezakegun jazz onenaren benetako perlak bere pausoan utziz. Sarritan Mario Escrichekin kolaboratuz, baita disko berri honetan ere, elkarrekin grabatu eta argitaratu dituzte gure eszenan funtsezkoak diren zenbait lan, hala nola “Aporía” edota “Pagoda” disko puska bikainak.