Jainko bakoitzaren izaeran sakondu dut musika sortzerakoan

Iturria: Gara

Eguna: 27/07/2024

Jainko bakoitzaren izaeran sakondu dut musika sortzerakoan

XOLE ARAMENDI ALKORTA

azz doinuz jantzita datorren Eguzkiloreren elezaharraren kontakizuna da Xabi Olkozen proiektua. «Hasiera batean, itxuraz, ez dute harremanik bi gaiek. Ohiko errepertorio klasikoa izan ez dadin buelta bat eman nahi izan nion», kontatu du.

Olkozek (bateria eta perkusioak) ondorengo musikariak ditu bidelagun: Jon Zufiaurre (saxo tenorea); Bernardo San Martin (pianoa eta teklatuak); eta Jorge Sanchez (kontrabaxua). Amalur, Ilargi, Mari, Ortzi, Ekhi eta Gaueko bezalako jainkoak ditu ardatz “Eguzkilore” ikuskizunak. Gaur 12.00etan kokagune berezi batek hartuko du; alegia, Zugarramurdiko kobazuloak.

Pertsonaia bakoitza agertokian jokoan sartu aurretik, bere inguruko informazioa ematen du Olkozek. «Kondaira ahoz kontatzen da eta ondoren musikaren bidez istorioan sakontzen dugu». Ion Jimenezek atondu ditu Olkozen jatorrizko testuak eta Ainara Ortegak jarri dio off-eko ahotsa.

ILUNETIK ARGIRA

«Eguzkilorek ekarri gintuen giza mundura. Kondairak kontatzen du ilunpetan bizi ginela eta Amalurri eskatu geniola argiren bat ekar zezan, etxetik kanpora atera ahal izateko. Ilargia sortu zen horrela, baina tarteka desagertzen zen eta Ekhi agertu zen orduan. Gauez ere, bera ezkutatzean, etxera bueltatzen dira eta horregatik beste erregu bat egin zuten. Eguzkilore sortu zuen Amalurrek. Handik dator gizakiok etxeko sarreran eguzki-lorea jartzeko dugun ohitura. Ondorioz, numenak eta izpiritu gaiztoak ez ziren etxera sartzen. Gaur egunera arte iritsi den sinesmena da», adierazi du Olkozek.

Gauaren ilun beldurgarritik, egunsentira eta ama lurraren goxotasunera. Hori ikusleak ikuskizunaren bidez egingo duen bidea. «Gaueko ilunpetan ibiltzen da. Musikaren bidez plazaratu nahi izan dut bere izaera. Harmonia ilunagoak entzun daitezke berari dagokion zatian», azaldu du.

Txikitatik musikaren inguruan aritu da Olkoz. «Betidanik, ez dut beste ezertan lanik egin», esan du. Perkusio- eta bateria-irakaslea da musika eskoletan, Tafallan, Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen.

Mitologiarekiko interesa ere aspaldikoa du: «Gustukoa dut natura. Hainbat erlijio sortu dira historian zehar, baina nik nahiago dut horien aurreko pentsaera. Kasu honetan euskal mitologia da, baina Europa mailan ere gauza bera gertatzen da. Ekhi, Ilargi… eguzkia edo ilargia ez zenean, erraldoiekin eta pertsonaia mitologikoekin bizi ziren gure arbasoak. Ortzi, Mari eta Amalur bezalako pertsonaiak ere agertzen dira ikuskizunean. Jainko bakoitzaren izaeran sakondu dut musika sortzerakoan».

EUSKAL FOLKLOREA

«Bada jazza ulertezina egiten zaionik. Nire helburua zen nire ingurukoek ere gustukoa izan zezaten». Nola eraman asmoa musikara? «Inguruko musikariek bezala, sustraietatik edan dugu. Euskal folkloretik jaio dira melodia ia denak, kasu askotan ahaztuta daudenak. Horiez gain, badaude oso ongi antzematen direnak, bertso doinuak, dantza doinuak… horren atzetik ibili naiz».

Musika pieza herrikoiak bildu ditu Olkozek, «mitologiarekin gertatu bezala ahoz aho transmititu direnak; ez dute autore jakinik». Tafallan ikusi zuen argia ikuskizunak 2022ko apirilaren 29an. «Oso ongi joan zen. Hasieran deserotasuna sentitu zutela aipatu zidaten ikusle batzuek. Nik hori bilatzen nuen. Izan ere, historiako hasierako bizipenak ez dira onak, gizakiak ez ziren gustura bizi. Horixe transmititu nahi nuen artearen bidez. Badirudi lortu dudala. Argiago amaitzen da, bolero erromantiko polit batekin. Txarangen melodia batetik sortutakoa da, Euskal Herrian kalejiran jotzen dena. Hil ziren lagun batzuei omenaldia egin zitzaien eta nik nire omenaldi propioa egin nahi izan nien. New Orleanseko eragina duten musikak entzuten dira amaieran; denetarik dago», azaldu du.

Orain berrekin diete emanaldiei. Bidean, joan den otsailean, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Errabal zigiluarekin diskoan jaso zuten ikuskizuna. «Orain diskoaren aurkezpenaren biran gabiltza. Diskoan testuak ere badaude. Jendeak etxean lasai irakur ditzake kantuak entzuten dituen bitartean eta sentsazio ezberdinak sentitu».

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com