- ekitaldia hau amaitu da.
Ache Pa Ti
19 urtarrila|7:30 pm-9:30 pm
Kultura, doinu , dantza eta instrumentu ezberdinen bila abiatu den esploratzaile talde baten modura aritzen zaigu Ache Pa Ti. Sustrai euskaldunak inoiz ahaztu gabe eta mirespen osoz nonahiko soinuetan integratu arazteko gai direla erakutsiz. Talde bezala, orain dela 20 urte sortu zen Ache Pa Ti Iruinean, jatorri eta izaera ezberdineko 5 musikarien elkar leku eta esperimentazio gune moduan. Bi ziren musikari haiek biltzen zituzten grinak, bata jazz latino eta kubatar sustraiko musikaren zaletasuna, bestea Euskal Herriko Kultura eta folklore tradizionala. Oinarri horretatik abiatuta, mundu bila atera ziren lehen unetik, eta urte askoetako bira eta kontzerturen ondoren eta “euskokubatar” kontzeptu hori erabat sendotuta eta grabatzeko prest ikustean, 2019an AUNITZ URTEZ bilduma ekarri ziguten.
Bertan, bereziki deigarria da txistuaren presentzia eta garrantzia, bera baita nagusi eta gidari doinu gehienetan, erraztasun eta naturaltasun txundigarriz moldatuz era guzietako doinu eta erritmo latinoetara. Behin eta berriz, instrumentu, soinu eta estiloen arteko mugak geure burutapenak baino ez direla erakusten digu Ache Pa Ti taldeak hemen.
Baina, taldeak ez du horretan geratzeko asmorik, ezta gutxiago ere, bere Bilakatzen izeneko bigarren disko honetan oraindik eta urrunago, ausartago eta sakonago bidaiatu zaizkigu beste altxor txiki bat gugana ekartzeko. Hala nola, 2023ko martxoan Artikako kultur etxean zuzenean egindako grabaketa honetan, pop eta jazz aztarnak eta kontinente guzietako “world music” ukitu zirraragarriz betea datorkigu. Karibetar kutsuko zortzikoak, kalejirarako zapateatu mexikarrak, Pirinioetako aintzinako oihartzunak, san Ferminetako kantu eta dantza ekialde urruneko mantra moduko erritmikoen artean atentzioa ez dago une batez ere galtzerik. Eta noski, txistua da protagonista, inoiz baino sendo, solte eta alaiago, gainera.
Gaur egun taldea osatzen duten musikoak hurrengoak dira: Fermin Goñi (Txistua) – Sonora Candela, Erreka, Ferretería del Son, Huajalotes, Amparanoia, Tijuana eta Moliendo Café proiektuetan aritutakoa- Joserra Garcia (Pianoa) – Busco a Jazz, Yerbabuena, Goazen go, Sonikete eta Txuma Flamarike Band bezalako taldeetan sakabanatzen da bere ibilibidea-, Jokin Zabalza (Baxua eta gitarra) – Just Friend Trío, Goazen Go, Fresno, Fussion Project eta “MOM”-en izan da partaide – Alex Ruiz Pastor (Perkusioa)- Jazz Ensemble, Fusión-Project, Pijazztres, Moliendo Café Trío- Dani Arias (Bateria)- Ataitz, Barracus, Busco a Jazz, Zorongo, Yerbabuena, Piel de Luna, THC eta Miss Undergroove-.
Disko honetarako “Eguberri” abestian Andoni Zugasti dute perkusioan eta horrez gain hurrengo musikari gonbidatuen ekarpen dotoreak dauzka barnean: Nerea Erbiti Larralde ahotsetan, Patxi Rodriguez Armenta txistura “Miladomi” kantuan, Javier Blazquez Etxapare tronpetan, Alberto Arteta saxoan, Iñaki García Vergara eta Iñigo Beorlegui Iriarte tronboietan.
“Ache” yoruba hizkuntzako hitza da eta “Ache pa ti” adierazpenak zorte on eta zoriontasun nahia adierazten du. Musika bizigarri honen oparia eskuetan gauza bera opa diogu talde bikain honi.